1992 Donostia

Hizkuntzaren nazionalista

Halaxe deitzea du gustuko bere buruaz ari delarik.

—Radikala gainera.

Eta harrokeriari ihesi esanen dizu zergatik: oso berandu, hogei bat urterekin eta ia galduta eduki ostean deskubritu zuen orain alemanarekin batera komunikazio hizkuntza nagusi duen euskara Joxe Azurmendik.

Adiskide duen Joseba Intxaustiri esker sartu zen frantziskotarren artean ere zapalduta zegoen kulturaren ahots izan nahi zuen Jakin-en (Bergson-en filosofiari buruzko artikulu bat, oraino gogoan du). Proiektuan gero eta barnerago, berak aterea da multikopistaz argitaratu zen azkena. Halaber, berak atera zuen inprentaz argitaratu zen lehena. Gero, aldizkaria debekatzen delarik, oso kargu xelebrean ikusia da bere burua: agerkaririk gabeko zuzendari izan zen. Ez du damurik. Nola bada. Ordukoak ditu zenbait adiskidantza ederren arrastoak. Lagun izan zuen Aresti. "Elorri" poema liburua argitaratzen lagundu zion Gandiagari.

Eta poesiak hartzen duenean gatibu, dialektikak hitz egiten du, ez erraien beroak. Hala eman zuen argitara "Manifestu atzeratua" Parisko karrikak ikasle suharrez eta Praga-koak soldadu sobietarrez bete ziren urtean:

Gure herriak ez dauka kondairarik.

pobrea da. Ez dauka

pirata koxkor pare bat,

langile sofritu batzuk,

muga zentzugabe asko,

mila zorigaizto

besterik. Ez da gutxi.

Azurmendi filosofiak estekatu du baina, alemaneraren lilurak eta pentsatzeko askatasunak. Gerraosteko ume izan zenak (besoak gora, formazio militarra eskolarakoan Telleria-ren Zegama falangistan) disimulatu nahi ez duen kezka du transmisio kulturalarekin. Karlos Santamaria eta Zeruko Argia-n "Gazte gara" sailari bizitasuna eman dioten Rikardo Arregi eta Ramon Saizarbitoriarekin batera, nazionalismoaren behi sakratuak berrirakurtzeko ausardia izan du. Ukiezinak ziruditen mitoak jarri ditu zalantzan. Eta estimatu izan zaio. Giro honetan, belaunaldi oso bat da balore atzerakoiak urratzen zetorren abertzaletasunari lema kolpea eman diona 70eko hamarkadan. Arestiren Bilbao Athletic-ekin sortu den girotik behartu da EAJ zenbait sinesmen zaharkitu besteratzera. Alta, kultura da eraikuntza nazionalaren ardatz, ez arraza. Doi-doi profitatu da modernitateak eskaintzen zuen azken aukera:

«Uste dut gure herriak izan behar duela oraintxe dena eta oso pirata, eta batzuk eta besteek sortzen dutena geureganatu», dio Joxe Azurmendik, harrika isolamenduari.

Orain, "Espainolak eta euskaldunak" kalean dela, baikorrago agertu nahi luke. Transmisio sistemara itzuliz, bere belaunaldiak lortutako gauza askoren txikizio bat dagoela baieztatzeko aukera eman dio jendeak harrapaka erosi duen liburuak. "Espainolak eta euskaldunak"-en, boteretik neurri gabe erabilitako deskalifikazio hizkuntza sistema oso bat desmuntatu du. Mendez mende errepikatu diren klitxeak utzi ditu lotsatan.

Kontua ez da ordea espainolen diskurtsoa euskaldunekiko, kolonizatzaile ororena bezala, ezin zabarragoa dela. Ez da Joxe Azurmendi garaipen errazen zale. Tristeagoa da. Erdararen morrontzan bizi garelarik, piraten, langileen, muga zentzugabe eta milaka sufrimenduren Euskal Herrian, behin eta berriro etengabean berregiten ari zaigu Espainiarik miserableena.

Gure Mendea