1989
Asteasu
Obaba
Gabriel García Márquez-ek tximeletak euritan jausten ziren Macondo hura bezalaxe eraiki du irakurlearen baitan hitzezko herria, Bernardo Atxagak. Ez dira literaturak sortu dituen herri imajinario bakarrak Macondo eta Obaba. William Faulkner-ek mapa bat eta guzti egin zion bere eta bere irakurleen gogoan baino existitzen ez duen Yoknapatawpha-ri. Missourin kokatu zuen, eta biztanle errolda bat ere egin zion. Hegoalde beti basati eta erakargarriko herri guztiek bezala, beltzak dira gehiengo Faulknerren izen gaitzeko herrian. Askoz ere hegoalderago, Uruguai-n, Faulknerrenganako mirespena ezkutatzen ez duen Juan Carlos Onetti-k Santa María sortu du, ohean etzanda altxatu duen herri gordina.
Eta hala, Obaba inon ez dela ere, baden herri bat da. Literaturak ematen dio horretarako eskubidea idazleari. Obaban samurtasuna bortxakeriarekin bizi da, bizitza heriotzarekin. Idazlearen aberri da azken batean, bere mundu literarioa eraikitzeko beharrezkoa zaion geografia egin beharrekoa da Atxagak "Obabakoak"-en dakarrena. Asko du haurtzaroan norberak ezagututakotik, esan nahi da Atxagaren narraziogintzak asko duela poesiatik, itzal zaharrez eta maitasun galduz beterik direla Obabako pertsonaiak ez ezik herriko txokorik galduenak ere. Azken batean zer da Obaba haurtzaroak eskaintzen digun aberria baino:
Post tenebras spero lucem, seiretarako gautu egiten zuen Albanian, eta maistrak ilunbetan jaitsi behar izaten zituen aurrena bost, gero hamar, hurrena zotzi eskilara maila, denetara hogeihiru maila; eta barandari eutsiz iristen zen ardo eta olio zahagiez betetako ezkaratzera.
Maite du Atxagak Pavese: «Mundu errealean, ez keinu batek ez toki batek ez du beste batek baino gehiago balio. Mitoan (sinboloan) aldiz, hierarkia oso bat dago. Hona hemen zergatik ihes egiten dion askok gaur egunean naturalismoari, eta haurtzarora joanik, mitoa egiten duen» idatzi zion honek bere egunerokoan etortzeko zen Atxagari 1943ko irailaren 11n.
"Camilo Lizardi...", "Post tenebras spero lucem", "Esteban Werfell", "Bagdadeko morroia", "Pitzadura bat elur izoztuan", "Ipui bat bost minututan izkiriatzeko", "Samuel Telleria Uribe", "X eta Y"... lehendik ezagutzen zituen testuak berriak zaizkionekin batera aurkitu ditu irakurleak "Obabakoak"-en. Hogeita sei narrazio-etxez osaturiko herri galdu bat irakurlearen bihotzean. Obabak eskaintzen dion munduan, mundu asko dira kaxa handi eta txikiak balira legez batzuk besteen barruan datozenak. Nekazal giroko ipuinari literatur sormenen gaineko testu bat jarraitzen zaio, ipuin exotiko bati bakardadeari egindako portreta krudel bat. Horra Obaba, Anton Chejov errusiar ipuinlariaren esana betetzera baletor bezala, pertsonari buruz ezer demostratu baino erakustea, galderak planteatzeko funtzioa duen herria.
"Obabakoak" iazko abuztutik da kalean euskaraz. Irakurleen artean ez ezik, oihartzun ikaragarria izan du idazleen artean ere. Batek baino gehiagok bere obra birplanteatzera behartu duela ere aitortu du. Orain, Espainiako Kultur Ministerioak ematen duen Sari Nazionala irabazi duelarik, badago hemendik aurrera euskaraz egindako literatur lanaz Espainian egon den utzikeria zerbaitetan aldatuko den esperantza. Sari guztiak bezala, indibidualitatearen eta kolektibitatearen artean kulunkatzen baita hau ere. Atxagaren obrari emandako saria izan da Espainiako Sari Nazionala. Esperantzatik adina mesfidantzatik, Atxagaz gain azken urteetan euskal literaturako lan askori egindako onarpen keinua dela ere sinetsi nahi da.