1989
Iruñea
Mapa bat ingelesentzat
Badu Donostiako Bederen 1 teatro taldeak ikuslea irri ostean behako goibel batez uzteko moduko antzezlan bat. "Agur Eire, agur" du izena, eta Brian Friel irlandar idazlearen munduan ditu sustraiak. Eta emanaldiak euskal ikuslea miraz uzten badu ingelesen eta irlandarren arteko gatazka hizkuntzaren planora ekartzen duelako da seguruenik.
Pasarte franko du gogoangarri, baina bat aukeratzekotan maparena har daiteke, ematen duen jokoagatik besterik ez bada ere. Kontua zera da, Irlanda zaharra inbaditzera joanak diren ingelesak, horrelakoetan gerta ohi denez, irlaren mapa berriak egin beharrean direla. Toki batera heltzen diren bakoitzean, herritarrei zein herri den hura galdetuta osatzen dute hutsik duten karta. Bertakoek, noski, jolasean ari dira ingeles zapaltzaileekin, eta gezurretako izenak ematen dizkiete. Hala osatuko dute Irlandako okerreko mapa Ingalaterrako koroaren semeek: bateko izena bestean dela eta vice versa.
Nafarroan Euskararen Legeak lurraldea hiru zatitan banatu duelarik, gezurretako izenak ematen dizkie Asisko Urmeneta marrazkilariak hizkuntza-apartheidaren bidez lingua navarroruma betirako suntsitu nahi duten ingelesei, mapa oker bat egin dezaten. Hala egin zuen 1988ko neguan azkenean fanzine gisa karrikaratzea lortu den lehenbiziko Napartheid-en. Gezurretako mapak bidaltzen segitzen du bigarren zenbakian, Euskal Herriak Afrikarekin duen antz fisikoa profitatuta:
Asisko Urmenetak badu Brien Friel-en obrari beste amaiera bat emateko esperantza. "Agur Eire, agur"-en, irlandarrek azkenean benetan ikasten dituzten izenak kolonizatzaileei gezurretan emandako haiexek dira.
Horra zapalduaren patua.
