1989
Oragarre
Bastillak hartzeko
Ortzea zuri, gorri eta urdin zikindu duten hegazkin militarrak atera ditu Parisek Iraultzaren mendeurrenaz oroit gaitezen. Robespierrez jantzitako gizonez, Mariannez beztituriko emakumez bete dira Champs Elyseeak Garaipen Arkuan behera. Ikuskizun ikaragarria da Jean Paul Goude publizistak antolatu duena. Une hunkigarriak bizi izan dira Jassie Norman opera kantariak "La Marseillese" abestu duenean. Orain, antzina gabe Aljeriako zumardi zurietan bezala, orain bereon Kaledonia Berriko oihanetan nola, armadaren harrokeria guztia izan dute lagun, osteka bildu da jendea espaloi zabaletan banderatxoak eskuan munduari askatasun eguna gaur berrehun urte argitu zuela gogorarazteko.
Frantses telebistako kultura saio orotan giza eskubideen aldarrikapena ederresten da beti betiro, zein ekarpen handia izan den gizatasun guztiarentzat oroitarazten dela. Frantziak egun dituen intelektualik handienek, bururik argitsuenek (Bachelard-ek, Levy-k, Conh Bendit-ek...) munduko estatu askoren egoera tamalgarria birpasatzen dute ikusleak infamiaren zerrenda beltza ahantz ez dezan. Bastilla franko dago hartzeko oraino: beltzak kiskaltzen ditu estatuak aulki elektrikoan Alabaman, badago beste Tiananmen baten beldurra Txinan, jazarpen politikoa ezkutaezina da Castroren Kuban... nazionalismoak ahantzi gabe, XX. mendeko azkenaldiko izurrite horiek.
Parisen, Bastilla egon zeneko plazan, postalak betetzen dituzte turistek kafe urtsuen berora. Eraikin berriak egin dituzte hirian mendeurrenerako. La Défense-ko arkuaz gain, ikustekoa da Bastillako opera areto berria. Paris zaharra nahi izatera aldiz, hor duzu Temple kartierra, non Louis XVI.aren mirabe batek baino gehiagok bere neurriko urkamendia aurkitu zuen, hor Place des Vosgues eta Euskal Herriaren askatasunari idatzi zion Victor Hugoren etxea, eta auzo judua harantzago... Bizkitartean, lehorteak erretako Amikuzen, Oragarre beti ederrean Itxaro Bordak eskuaren bortxaz laztantzen du papera:
1789az geroz, XIX. mendeko sasijakintsuenek euskaldunak aztertu, analisatu, kuadratu, normal-normatu, errevoluzionearen baloreetara plegatu ondoan, kapitaleko ostatuetan, hoteletan, etxe burgesetan, trintxerretan, Stalag IV Beetan, astoaren, irrigin arazlearen, itsuki langilearen ridikuloki fededunaren fama eduki du, gure iragan hurbileko jendetzak. Aintzinean, gehienak beldur ziren euskal herriko "abere basatietaz"; ondotik, harmez bestelako indar kulturalaz ("L'Esprit des Lumières") garaiturik, beraz garbiki, euskaldunetaz aise burlatzen zen, Luis Mariano ararteko bezala.
Historiaren aitzi joatea da Bordarena. Euskal etxeetan desagertzen ari den hizkuntza baten hautua du egina iraultzaren basakeria jakobinoa salatzeko, "Libertatea, egalitatea, fraternitatea"-k, asimilazioak inoiz asmatu duen esloganik ankerrenak etxean egin kalteaz pentsatzeko:
Alabaina, zer da leienda baten balioa, apiril ondarrean, artoak ereiten dituenaren ordutegi astunaren aldean? Zer da pastoral hagiografiko baten balioa, langabezian dagon nor anonimoaren angustiaren aldean? Zer da saltzen den literatura konbentzionalaren balioa, bere buruaz beste egitera doanaren tragediaren aldean? Zer da "denak anai gara" hitzaren konsensus kargaren balioa, festa orotan, sistema biren bortizkeria ezin jasanez, edo ezin ezkonduz dabilen neska zein mutilaren mozkorraldi ankerraren aldean? Zer da euskara sofistikatu, aberats baten balioa, igandero Baionan, lanerako treina hartzen duenaren pasibotasunaren aldean? Abertzale zintzoak, ez ditu eskuak, munduko kaka honetan, zikintzen. Ikuspundu hontarik, gure gizartea, osoki kobardea da. Gure lotsa, gure ahalgea, gure errenditzea.
THIS LAND MUST CHANGE OR LAND MUST BURN.
Hegoaldeko irrati tertulietan Dominique Garat-en aukera galduaz hitz egiten den bitartean, Itxaro Bordak harriak lako galderak egiten dizkie Parisko hegazkinei Libertateak irentsi gabe ok eginda saihets utzi dituen guzti horiengatik "Urtemuga lehorraren kronika"-n.