1987 Donostia, Bilbo

Euskara, idazle txarren aterpe

Garai nahasiak literaturaren ingurukoak atzen hilabeteotakoak. Hemen ez dago bakerik, eta hitz zabarrak are zabarragoei deitzeko direla erakustera dator idazlea. Hala gertatu da Donostia Hiria literatur lehiaketaren irabazleak zein diren jakinarazi direnean. Euskarazko ipuinei dagokiena Alvaro Bermejo donostiarrak irabazi du. Bilintx, Serafin Baroja edota Agustin Anabitarte donostiar idazleen hizkuntzarik ez dakien idazle ezagunak gazteleraz idatzi eta euskarara itzulita aurkeztu duen ipuina gertatu da sariaren irabazle.

Gertaera bitxiaren usainera hurbildu diren kazetari goseen grabagailuaren aurrean, Alvaro Bermejok bere ekintzaren arrazoiak ematen ditu. Badu zer salatu Eguna-ri eginiko adierazpenetan:

(Gaztelerazko autore izanagatik) ez gaude ez Gasteizko zerrendetan ez eta ere beste edozein erakundetan ere (...) Atzean joera baztertzaile eta, hitza beharbada gogorregia bada ere, arrazistak dituzte.

Egunen joanean, diskurtsoa ez doakio analisiaren bidean. Hiru egun geroago Diario Vasco-n eman dioten elkarrizketan, erosoago dago, eta literatura eta ETA saltsa-maltsan, erasokorrago agertzen da oro har euskal idazle guztiekiko:

Hemen tiro egiten duen ETA bat dago, eta idazten duena bestea —ez ditut Lasagabaster eta Saizarbitoria hemen sartzen—, eta mementu hauetan kopetara apuntatzen didatela sentitzen dut neure burua, pistola paperezkoa den arren.

Ez da erantzunik gabe geratuko. Euskal idazleen artetik, badago zer komentatua, iritzien abanikoa aberatsa da oso. Joxe Austin Arrietak «probokazioaz» hitz eginen du, Patxi Ezkiagak diskriminazio positiboaren plazara eraman nahiko luke eztabaida, Joxe Azurmendik analisi eskasa eta petrala deritzo Bermejorenari, Felipe Juaristik gaia aztertzea proposatzen du:

Euskal idazlea izatea zer den eta erdal idazlea zer den, eta bakoitzak gizarte eta kultura honetan zer egiten duen eztabaidatu behar da. Azken finean zer den euskal kultura, eta beraz, zer euskal literatura.

Handik aste batzuetara definitu du sarkasmo kaskarreko artikulu batean zer den euskal idazlea Jon Juaristik Eguna-n. Bermejoren mihi gaiztoa ez da ibiliko noski, protagonismo bila. Koldo Izagirrek Argia-n:

Euskal idazleok ez gara noski denok bat. Ezta gaztelaniazkoak ere. Baina guk bereizi egiten dugu hemengo erdaldunetan: publikoa Euskal Herrian dutenak alde batetik, eta publikoa estranjeria dutenak bestetik. (Belijeranteak dira batzuk, errespetodunak bestak, eta fluktuanteak ere baditugu).

Polemika ez da hemen eten. Udazkenean, Asturiasko Verines herrian izaniko topaketetan, eta politika estakuru, eztabaida biziak izan dira hara joandako euskal idazleen artean. Diferentzia politikoek markaturiko giroa aurrez zegoen gaiztotua. Eta ezinbestean, uhara Euskal Herriraino iritsi da. Jon Juaristi da, nahita nahiez 1901ean Arriagan euskararen heriotza iragarri zuen Unamuno gogorarazten duena:

Recomendaría a los buenos escritores en euskara que pasen a escribir en castellano. Creo que es el mejor consejo que les puedo dar. Esto es, creo que tendrán una respuesta más gratificante, más posibilidades de desarrollo en una langua mucho más rica, flexible, literaria (...) Pero bueno, que quieren escribir en euskara? Hay tantos malos escritores en euskara que es mejor hacerlo en español.

Eta eztabaida zentzuzko baten faltan, dena da purrustada eta jardun merkea. Zenbait idazleren jarrera politikoak euskaraz egindako edozerekin nahasten dira, irainak ezinikusi pertsonalekin, eta tonuz kanpoko komentarioek "literatura engaiatua" edota "idazle politikoa" bezalako terminologia arriskutsua jartzen dute abian. Euskal literaturaren plaza erdal literaturak markaturik dator. Maila eskaseko jarrera harroen eta lintxamendu deien artean, asko dago hitz egiteko. Literaturaz, esate baterako.

Gure Mendea