1987 Donostia

Mitxelenaren heriotzean

Euskal kultura bere kuttunen artean lagun ugari galtzen ari da atzenengo urteotan, eta Mitxelenarena da, noski, galerarik gaitzena. Berriaren saminagatik ere, ezin esan ustekabean harrapatu gaituenik. Inoizka pattaldurik, bestetan kordea galdurik (hil baino 5 egun lehenago eskua iheltsatua agertu zitzaigun erorialdi bat medio), ohizko ibilkera baldarra moteltzen ari gainera. Eta ez da bakanek egindako galdera ea Mitxelena orain hilez gero, euskal linguistika-filologiaz zeukan ezagutza guztia jasoa geratuko ote zen, euskal hiztegia bukatzeraino helduko ote zen, fonetika-fonologia azterketetarako edukitzen zituen klabe guztiak bere lankideen artean partiturik zituen.

Bukatu dira "zera", "nola esango nizuke" edo "alegia"-z jositako bere hitzaldi lardaskatuak, bukatu dira bere zaputz, purrustada eta sutzeak, bukatu ere zertzelada txundigarri bezain zuzenak. Euskal saiakerak izan duen lumarik barrokoen eta aberatsenak, ez bakarrik euskal linguistika mundu zabalera eta franko unibertsitatetara hedatzen lagundu du, baita kanpotikako bibliografian sortu hutsak harrapatu eta zuzentzen laster asko saiatu zorionez. Mitxelena bera zen gainera, Michelenaren bibliografian hain bakan ziren okerrak zuzentzen lehendabizikoa. Horretxegatik "Michelena dixit", bere usteen zuzenaz eta sakonaz aparte, aitzinetik filologiaren bazter eta zoko guztiak miaturik zeuzkana nekez abiatzen zelako okerraren bideetan. (...)

Baina sariak baino askozaz ere garrantzizkoagoak dira berak hain temati eta taxuz egindako lanak. Alde honetatik, Michelenaren bibliografiak euskaldun gutirenak bezala luzitu du Europa alde horietan. Lana zuen oinarri eta helburu, irakurketa eta azterketa bide, kasik ezin sinisterainoko bibliografia erdietsiz. FLV izeneko bere katonak zientoka irakurle dauzkake urte anitzetan segurki.

Dena ez ziren, halarik ere, hizkuntza klasikoen edo euskararen gaineko azterketa sakonak, bazituen hor hemenka hamaikatxo lan etxekoentzat etxeko moldez idatziak: zine edo literatur kritikak, hain gogozko zuen historiaz ziharduen lerroak e.a. Halakoetan zuen baliatzen gehien bat euskara.

Ez dugu dena pena behar, Mitxelena joana dugu, baina bere onenak emanda, ahal izan duen aterik unibertsitari gehien zabalduta, ezin pentsa ahala gauza argitaraturik, jende multzo bati anitz lagundu ta gero, hamaika tesi ta lan zuzendurik, Ameriketan nahiz Europa aldean son ezin ukatuzko euskalari iaioak bulkaturik, hizkuntzaren normalizazioan bere hondar alea botea.

Habeak eraikitzen horrenbeste eragin izan duena hildakoan, habe hoiek gainean eramanen duten eraikuntzari so egin diezaiogun, bide zuzenetik abiatua dirudien euskal linguistika ez doa ta gibelka.

Halaxe idatzi du Iñaki Camino hizkuntzalari eta kazetariak Koldo Mitxelenaren heriotzean, eta irakurleak baietz dio bere baitan, asmatu duela orain hastera ezinezkoa genukeen batuaren aitarekin, apunte petral bat edo beste gora behera, horrelaxe esan nahiko lukeela berak ere.

Gure Mendea