1986 Iruñea

Ghettoak Nafarroan

Udazkenaren lehen egunetan eman dio lege edua Nafarroako Gobernuak Euskararen Legeari. Onartu berri den proiektuarekin, hiru eremutan zatitu da lurraldea. Ipar mendebaldean hedatzen den eremu euskaldunak 61 herri ditu bere baitan; Iruñerria, Gares, Agoitz, Lizarra, Atarrabia eta Zaraitzu eta Erronkariko ibarrak hartzen dituen eremu mistoak berriz, 47 udalerri batzen ditu. Bien artean ez dira Iruñea-Gares lerrotik hegoaldera geratzen den erdal eremuko 147 herrietara heltzen.

Euskararen Legeak euskara aurrez markaturiko udalerrietan soilik izanen dela gaztelerarekin batera ofiziala esan nahi du. Legearekin, ezinen zerrenda luzea da Nafarroako euskaldunari gainera datorkiona. Ezinezkoa da eremu horietatik kanpo administrazioarekin euskaraz harremanetan jartzea. Praktikan, zalu ikusi ahal izan da. Iruñeko 25.000 euskaldunek ezin izan dute euren boza euskaraz eman. Era berean, ezinezkoa da euskarazko irakaskuntza publikoa eskatzea euskara bazter uzten duen marratik hegoaldera. Ofizialtasuna ukatuta, ezinen da ez euskaraz ez euskararik ikasi. Nafarroako euskararen aldeko mugimenduek iragarri dituzten aurreikusteak, ezin beltzagoak dira. Laguntza ofizialik ezean, larri ikusten dute erdal eremuan geratu diren ikastola askoren etorkizuna ere.

Legearen aurrean harrotu diren ahotsak, anitz dira. Rosa Mari Pagola irakaslea "bidegabekeriaz" mintzo da. Jose Maria Satrustegi euskaltzainak "iraina" eta "erasoa" ditu ahoan. Jose Maria Sánchez Carrion Txepetx hizkuntzalaria, "suntsiketa politikaz" aritu da. Anitzek nahiago du "genozidio" hitza garbi erabili. Legearen aurrean protesta egiteko Iruñeko karrikak "Euskara guztiona eta guztiontzat" lemapean hartu dituzten euskaltzaleak lasaitu nahi izan ditu Felones kultur ministroak. Euskara nafarren aberastasuna dela dio, errealitate soziolinguistikoa baizik ez dela hartu kontutan legea ateratzeko momentuan, eta lasai egoteko, legea euskararen babeserako eta honen erabilera bultzatzeko sortu dela.

Egungo datuak ez dira inor lasaitzekoak ordea. 1984-1985 ikasturtean, ehun gela baizik ez ziren sare publikoan euskaraz edo elebitan ari zirenak. Ikasleei dagokionez, 1.920 haurrek jasotzen zituzten euskaraz eskolak eta 4.509k euskarazko klaseak. Beste guztiek, hau da, 39.042k (eskola publikoetan matrikulaturiko nafar haurren % 82,47) ez zuen —ez du— euskarazko hitz bakar bat ikusten ikasturte guztian.

Komunikabideetan gauzak ez datoz hobeto. Irratietan, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Telebista propiorik ezean, ETB harrapatu ahal izateko eratu den kanpainak oihartzun zabala izan du. Martxorako, ehun eta bat udalek, populazioaren hamarreko seik zuen eskatua ETBren seinalea euren etxeetan jasotzea. Erantzun ofizialaren goait egon beharrean, atertu gabe hazi dira antenak Nafarroako mendi muinoetan. Iruñerrian, Paz de Ziganda ikastolaren iniziatibaz Aralarren ezarri den antenari esker ikusi ahal da Euskal Telebista. Luis Roldan gobernadore zuzenak legez kanpo dabiltzan oro izutu nahi izan ditu, permisoak non diren galdezka dabil.

Nafarroan, asko dira gero eta zabalduago dagoen sentipen baten mende direnak. Ez dakite nola azaldu, ez da gaixotasuna baina sorgortu egin lezake, ez da saudadea baina nafarrek soilik senti lezakete. Konparazioagatik besterik ez bada ere, "ghetto" kontzeptua jarri nahi dute kalean, eta ez da txarra. Eurak dira euskal normaltasunak bazter utzi dituen hegoafrikar beltzak. Umoreak ez die mingostasuna gordinegi agertzen uzten ordea. Horregatik, ghettoa baino, nahiago dute Napartheid deitu.

Gure Mendea