1985
Donostia
Zinea euskaraz egiten denean da arazo
Euskara lan tresna bilakatu denean asaldatu da zinema mundua Euskal Herrian. Orain arte "cine vasco-euskal zinema" zigiluaren monopolioa izan duen erdal ekoizleek urduritasun nabarmenaz erantzun diote euskaraz mustu eta euskaraz emandako lehen filmek berekin ekarri duten egoera berriari.
«Euskarazko filmekin, euskal idazleek ghettotik irten ahal izango dute, euskarazko ghettoan sartzeko», egin du gogoeta ahoz gora Angel Amigo-k. Zer edo zer jakin behar du, bere ekoiztetxetik atera dira-eta azken urteotan Euskal Herrian egin diren filmik interesgarrienak. Orain, Anjel Lertxundik "Hamaseigarrenean aidanez" eta Juanba Berasategik "Kalabaza Tripontzia" zine aretoetan sartzea lortu dutelarik, "euskal" izenlaguna arazo bihurtu da. Honen kariaz Euskal Herriko erdal ekoizleen urduritasunak sortu duen perlagintzak orri ederrak bete ditu komunikabideetan: «El conflicto reside que en Euskadi hay dos formas verbales de comunicación: castellano y euskara. ¿Hacer expresión a través de la imagen? Supone un problema. Alguna solución tiene que haber. ¿Es posible entender como cine vasco una obra hablada en castellano? Esta es la base del problema. El cine realizado en Euskadi tiene que encontrar un camino para que mostrando su propia identidad nacional se hable en castellano», adierazi du ezin garbiago Elias Kerejeta hernaniar ekoizleak. Xabier Amurizaren gogoetak irribarre batez erantzuten die biei: «Euskadin espainolez egindako zinemari "cine vasco" deitzen bazaio, nola deitu behar zaio Euskal Herrian euskaraz egindako zineari?».

"Hamaseigarrenean aidanez"
Anjel Lertxundi idazlearena da Euskal Herrian aktoreekin euskaraz egindako lehen luzemetraia, bere eleberrian oinarritutako "Hamaseigarrenean aidanez" (ahotsa bikoiztu gabea esan nahi da, eta ikusleak igarri egin du, naturalagoa da dena). Ez da, dena den, inor urduri jartzekoa euskaraz egindako filmen ekoizpena. Juanba Berasategik lau urte igaro behar izan ditu "Kalabaza Tripontzia" burutzeko. Horretarako ezinbesteko izan da Euskal Herrian bertan sortzea animaziorako lehen produkzio zentroa, lan talde tekniko eta guzti. Halaz ere, nolabaiteko zirkuitu baten barruan batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian (marrazkitako haur zinema denez sare berezietan zabaldu da batez ere) erakustea erdietsi den arren, jendearen aldeko erantzuna oso makala izan da. Hala uste du Berasategik:
Euskal merkatuak ez du ematen euskaraz ez marrazki-bizidunik egiteko, ez eta ere imajin realak dituen filma bat egiteko.
Euskaraz egindako lehen animazio filmaren zuzendariaren hitzek kontraesan itzal polita ematen diote eztabaidari. Norbera baino egokiago horrelako balorazio bat egiteko. Ezinezko langintzetan maisu da Berasategi.
Dena den, badute bi lehen euskal luzemetraiek, alegia, "Kalabaza tripontzia"-k eta "Hamaseigarrenean aidanez"-ek agerian geratzea merezi duen esan beharreko bat ere elkarrekin. "Kalabaza tripontziak" Koldo Izagirre du gidolari. "Hamaseigarrenean aidanez"-ek, nobelaren egile bera du zuzendari, Anjel Lertxundi.
Badirudi euskarazko film bat aurrera ateratzeko ezinbesteko dela zinema industria mundutik kanpoko hizkuntza sentsibilitate bat, literaturak idazleari hau idazten ari ez dela ere ematen dion zera bat.