1985
Inon ez
Ni ez naiz hemengoa
eman dio izena bere bigarren liburuari Joseba Sarrionandiak. Lehenbizikoak titulu orokorregia zeukan, "Narrazioak", eta egia esan, akitu ere egin da irakurlearen arrangurak entzuten. Hiztegia behar izan omen du askok literaturaz gozatzeko, bekatu larria inon larririk bada. Beste askok alderantziz, balio linguistiko horiexek ekarri dizkiote hizpidera hain zuzen ere, lexikoaren aberastasuna, joskeraren ederra, baina ez diote literaturaz hitz bakar bat egin. Ez da inork esan beharrik egon, literaturaz baino hizkuntzaz arduratuago dabilen herri batekoa da Joseba Sarrionandia.
"Ni ez naiz hemengoa" titulua irakurketetatik oso maite duen Francisco Urondori ebatsi dio: «Ni ez naiz hemengoa; iragan behar den oroimena besterik ez naiz senditzen». Halaxe da, Paco Urondo ere ez da hangoa, oroimen da dagoeneko Argentinako gau genozidan militarrek lehen mailako beste idazle askorekin batera desagertarazi zutenetik. Orain beste nonbaitekoa da, bizitza eta obrarekin bat egitea lortu zuten Rodolfo Walsh, Haroldo Conti bezala...
"Ni ez naiz hemengoa" labirintuko egunkaria da. Irakurlearen bizitzan urtarriletik uztailera, inoiz amaitzerik nahi ez diren sei hilabetez luzatzen den egunkari jantzimina. Egunez egun, presoaren eguneroko bizitza era iraingarrian uztartuko da ezagupenak idazleari sortarazten dizkion ezinbesteko gogoetekin. Jipoien, gose greben, gogoan dutenek idazten dizkioten gutunen egunerokotasunarekin borrokatzen dira oroipenak, presakako apunteekin irakurlearen aurrean nabarmenegi uzten duten zaletasunak. Preso idazle batena baino preso dagoen idazle baten egunkari itxurako bihozkada eta glosen patchworka da Sarrionandiarena.
Azkenean, ariketa dela ere esanen luke. Botere orok egin du gorbizi, zalu. Denboraz, espazioaz eta hizkuntzaz eginiko gogoetak dira liburuan bildu dituen gehienak. Arte bide diferenteek sortarazten dizkioten sastadek mantentzen dute bizirik dagoen tokian. Eta argiegia da, ez da erakuste alderako erudizioa, gehiago dira egiteko dagoen herri bati eskaintzen dizkion galderak beste ezer baino.
Hori da, definitzen hasita, "Ni ez naiz hemengoa". Galderen amaraun ederregi bat. Zelan esan dugu arestian? Labirintu bat.
Laberintoak dira paperok, laberintoa ez baita Minotauroak korritzen duena soilik, laberintoak dira halaber Ariadnaren hari bera, eta lur eremuak, eta gela estuak eta paper zuriak ere bai. Gure herrialdea ere, goroldioaren herrialdea, laberintoan dago, izaten irauteko burrukaren laberintoan.
Zenbait adiskide sumindu bazaizkio ere, Joseba Sarrionandia ez da hemengoa. Arazoak ditu ubikuitatearekin. San Fermin egunez Imanol Lartzabal kantariaren emanaldi baten ostean Donostiako Martuteneko kartzelatik Iñaki Pikabearekin batera bafle batzuen barruan ihes egitea lortu duenetik, ez da inongoa ere, ez dago inon. Eta inon ez dagoela jakinik ere, maite dutenek idazteko papera eta boligrafoa ez dakizkiola falta erregutzen dute, oroimen sentitzen bada ere, dagoen inon hartarik idazten segi dezan.