1984 Santurtzi, Gasteiz

Musika baino gehiago

Musika baino gehiago da euskaldun askoren gaztelu estetikoa asaldatu duena, euskal musikaren sustrairik sendoenak ere dardara batean jarri dituen iraultza txiki bat. Eta ez menturaz zarata legez hartzen den musikagatik beragatik, musika taldeen atzean susma daitekeen munduagatik baizik. Hori gertatu da hain zuzen ere Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian Egin Rock lehiaketa irabazi duten Zarama eta Hertzainak taldeekin.

Zarama ez da gaur goizekoa. Santurtzin, erreformaren lehen urte nahasietan, manifestazio politiko eta sozialak bat egiten dute Roberto Moso-ren munduan Bloque, Ñu, Tequila, eta Benito Lertxundi, Oskorri eta Gontzal Mendibil eta Xeberriren kontzertuekin:

1977ko irailean, nire lagunik tirtirienak, Imanolek, Britaina Handira joateko nahasten nau, frutatara... Fruta soroak hurbilago daude ikasleen esperientzia hippy dekadente batetik beste ezergatik baino, baina azken lau egunak Londresen eman genituen, "Star" aldizkariaren gida batekin, non zulo punki guztiak agertzen ziren: hori izan zen deia. Euskal Herriak punka behar duela itzultzen naiz. Punka dibertsioaren sinonimoa zen orduan, ausardiarena, matxinadarena eta hildakoei ere barre egitearena.

Esan eta egin. Zaramaren letrek euskaraz ordura arte euskal musikan esan gabeko gauzez aritzen ziren: "Pobreak ezkutatzen dira arratoien herrialdean / Eguzkiak ez du berotzen, fabrikak ez du produzitzen / Keinu tristeko langileak ke zikinetan problemak erretzen / Ez dago bizitzeko lekurik eta esperantzak Nerbioien ito dira / Bizkaiko Zubiaren gainean 44 urkatuak...". Letrei behatuta, Danteren infernua da Euskal Herriratu dena, are beltzagoa, William Blake-rena. Dirty realism hutsa. Eta euskaraz. Apustua handia da, eta agerikoa. Moso ikasten ari da, bigarren mailan dabil...

Zenbaitentzat, oportunismo hutsez kantatzen dute euskaraz, beste askorentzat alferrikako lana da Nerbioi Ezkerraldea ia erabat erdalduna denean. Roberto Mosok ez zukeen inoiz pentsatuko hainbeste aldiz entzun beharko zuenik azkenerako ergel egiten den galdera:

- Zergatik kantatzen duzue euskaraz?

Galdera mingarriak, era guztietako deskalifikazioak ez direnean. Itziarren ospatutako "Euskal Musika 80" lehiaketako epaimahaiko batek euskal rockak ezin onar dezakeela horrelako «paranoiko koadrilla bat» aitortu du orain hurrengoan. Hitzez hitzeko aipamena da.

Baina Zaramak proposatzen duen iraultzak abantaila asko ditu. Ez da beharrezkoa musikari ona izatea, nahikoa da gogoa eta aurrean dagoen zure modukoari zer esana edukitzea talde bat muntatzeko. Esan gabe, artea ez dela museoetan gordetzen zioten gerra arteko pintore haiek bezalakoak dira. Eta ez da musika bakarrik. Bizitzeko era bat da.

Gasteizen, Gammak (Xabier Montoiak) eta Josu Zabalak Zaramaren ondoan kontzertu askotan ibiliko den beste talde bat sortua dute orain urte batzuk, Hertzainak. Letrak, euskaldun zein erdaldun, maketa entzun duten guztiek kantatzen dituzte kontzertuetan: "Kamarada", "Miren Modelo-B", "Kontrola", "E Txo!"... Horretaraz gero, gauzak asko aldatzen ari dira Tuteran OTANen aurkako kontzertu batean baten batek "Rock Radical Vasco" bataiatu duen hau martxan denetik.

Euskal musikan suposatu duen iraultza, ikaragarria da, euskal taldeak entzutera hurbiltzen den jendearengandik hasita. Gainera, Zaramak eta Hertzainak-en bideak ematen du zer pentsatua: euskal rockari bigarren koska estutzera datozen talde biak, biak dira euskarak ia presentziarik ez duen bi tokitan sortuak.

Gure Mendea