1982 Iurreta

Txori bat pantailan

Kaleko txikiteoak oilartuta elkartu dira aita-semeak Gabon Zaharretako mahaiaren inguruan. Amak eskatutakoari amorerik eman gabe, garai berriak ulertzeko bi era baino belaunaldien arteko ezinbesteko ezinikusiak dira mahaiaren mutur batetik bestera gero eta ozenago ari direnak. Aitak ahal bezala eusten dio semearen erasoei, amak ahal bezala mahaiko bakeari. Gau handia da gaurkoa, Euskal Telebistak lehen emanaldia iragarria du gauerdirako, eta aita ez dago semearen eraso bakarra pasatzen uzteko.

— Hamaika manifatan ibili haz ba orain arte Euskal Telebista bat eskatzen!

— Ez "Vacaciones en el mar" euskaraz ikusteko baina!

Iurretako estudioetan, hor, ezkaratzeko bentanatik ikusteko moduan, hamabost bat egun daramatzate froga eta froga. Euskadi Irratia hilabete da emititzen hasi denetik. Loiola, Donostia, Bilbo eta Iruñeko Herri Irratiei amaitu zaie euskarazko albistegien monopolioa.

Oso urte mugitua izan da EITBko administrazio kontseiluarentzat. Uztailean Xoxoa enpresa hasia zen bikoizketa lanak egiten; abuztuan 42 langile bidali ziren Hanburgoko Hamburg Studio-ra trebakuntza teknikoari buruzko ikastaroan parte har zezaten; irailean bertako programen produkzio zentroa Miramonen jartzea erabaki zuen... Jaurlaritzaren 612 milioi dituzte Iurreta martxan jartzen hasi eta unitate higigarria erosteko.

Oraintxe hamaika egun Luis Iriondo azkoitiarra eta Ignazio Arregi jesuita aurkeztu ditu Andoni Areizagak EAJk, PSOEk, EEk eta UCDk osatzen duten EITBko administrazio kontseiluaren aurrean. ETBko zuzendaria da Iriondo, Euskadi Irratikoa Arregi.

—Baina euskalduna! Geurea!

—Bestearen kopia txar izateko, horretarako bapez hoba!

Hamaiketarako hasi da ama telebistaren diala mugitzen. Elurtutako pantailaren argiunetan agertzen eta desagertzen dira telebista espainiarreko saio bereziko kantariak, aurkezleak eta komikoak. Aita sukaldera joana da alkandoran jausi zaizkion kafe tantak uretan pasatzera. Orduantxe aprobetxatu du amak bakea eskatzeko semeari, arrazoi duela, baina uzteko bakean aitari, ez berotzeko gehiago. Gero, semea ere gozatze aldera, ea Joxe Mari Iriondok Telenorten aurkezten zuen "Euskalerria" saioaz gogoratzen den galdetu dio, euskarak telebistan izan zuen lehen aukera. Ordu erdikoa, baina duina. Orduan biek sentitu zuten zirrara ekarri nahi du mahaira amak.

— Zer edo zer —esanda eman dio hitza aita bakean utziko duela.

Gauerdirako hamar minutu falta direla harrapatu du amak kanala. Hasieran arin, baina gero eta geldiago mugitzen diren marren artean, emakumezko aurkezle bat ari da euskara hutsean. Urte berriak hiru minutu baino ez dituela ekin dio Karlos Garaikoetxea lehendakariak Urte Berriko mezuari.

Hasi baino ez da egin, baina bada zerbait. Semeari esatea ere pentsatu du, etengabe ari da iaztik.

Gure Mendea