1981 Bilbo

Farenheit 451

Joseba Garaizarren Enperadore Eroa ipuinak ez du biraorik, txorigorririk, ahokada iraingarririk. Sano narrazio fina da Ching-Fu pintatzailearen alabaz maitemindu den Hung-Wu enperadorearen istorioa. Xarma berezia du, hitzen aukeraketatik hasita. Izan ere, ipuin polita da maiteminez burua galdutako txinatar enperadorearena. Zelan esan, botereari samurtasunez egindako mendeku txiki bat da Joseba Garaizarren atzean ostentzen den Joseba Sarrionandiak idatzi eta udaletxetik erretzeko agindu den narrazioa.

Baina suari jaten emateko agindu dutenek ez dute ironia harrapatu dutelako eman urrats beldurgarri hori. Joseba Sarrionandiaren ipuina Bilboko Udalak antolatutako lehen ipuin lehiaketako irabazlea izan da, eta epaimahaiak hautaturiko beste hogei ipuinekin batera argitaratu da. Kaxetan sartuta zenbait udaletxetara eta Bilboko eskoletara bidaltzera zihoazela hartu du Artigasko erraustegira bidaltzeko erabakia Bilboko alkateak, Jon Castañaresek. Arrazoia ez da besterik gaztelerazko atalean irabazle izan den ipuinean agertzen diren «berba zantar» batzuk baino. Egileari ez dio duen itzalak laguntzen. Juan Jesus Fernandez de Retana du izena, Lizarrakoa da eta hemeretzi urte baino ez ditu "Epitafio del desalmado Alcestes Pelayo"-ren egileak.

Alkatea ez dago bakarrik langintza gaitz honetan. Udaletxean gehiengoa duen EAJko taldearen erabakiz eta gainontzeko taldeen kontrako botoekin, banatzeko gertu ziren mila liburu erre dira. Egoerak, larria izanagatik, badu bere paradoxa. Jon Mirena Bitor Castañares alkateak errauts bihurtzeko agindu duen liburuak Jon Mirena Bitor Castañares beraren hitzaurre zoragarria darama:

De cualquier manera, el cuento, mal considerado por algunos como hijo pobre de la narrativa, tiene un encanto propio, y desde luego el suficiente como para que se le tenga en cuenta en todas las instancias. Ejemplo, en este sentido, son los que ahora publicamos. A sus autores, de nuevo, nuestra efusiva felicitación.

Laster baino lehen, eta Bilboko liburudendek bultzatuta, erretako ipuinak errautsetarik atera eta berriro argitaratzen dira. Kalean jarri orduko saldu da "Cuentos Incombustibles" liburua. Harrera ezin hobea izan du. Auzapezaren ilintitik libre, eskuz esku dabil liburuzaleek irakurlearen gozamenerako plazaratu duten fenixa. Bildumari hogeita hamabost idazle, artista eta unibertsitateko irakasleren atxikipenak erantsi zaizkio, gazteleraz denak, Amparo Gaston poetarena salbu: «Betikoak collare desberdinarekin».

Sarrera gisa, idazlearen askatasuna aldarrikatzen duten testu bi ezartzea ebatzi da. Bata, Damaso Alonsorena da, Real Academia Española de la Lengua-ko lehendakariarena. Bestea, espainiar idazle ezagun batena, Camilo Jose Celarena.

Las IDEAS "culo" y "puta", por ejemplo, no son sino relativamente incovenientes en la conversación afinada o distinguida. Sí lo son, en cambio, las PALABRAS "culo" y "puta" que, en buena ley, no tendrían por qué pagar culpas de las IDEAS que expresan y que, no obstante su noble cuna y su rancia antigüedad, no son admitidas (...) lo que se veta no es la IDEA sino, simplemente, la PALABRA.

Erretako liburuak bezalaxe, badirudi honek ere nahi duela bere-berea baino izanen ez den paradoxa. Liburudendek askatasunari kantua egiteko hautatu duten Camilo Jose Cela lanbide iluna izanikoa da idazle ezagun izan aurretik. Sutara zein liburu bidali erabakitzea izan du ogibide, zentsore izan da frankismo garaian.

Gure Mendea