1980
Donostia

Xabier Amuriza eta Jon Enbeita.
Amuriza
Errege egunez jantzi diote koroa errepublikarra Xabier Amurizari Donostiako Balda pilotalekuan. Etxanoko bertsolaria da Euskal-tzaindiak antolatu duen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldun berria.
Saio luzea izan da, berba neurtuzko maratoia. Goizetik aritu dira Joxe Mari Iriondoren esanetara Xanpun, Etxeberria, Gorrotxategi, Garmendia, Azpillaga, Larrañaga, Jon Enbeita eta bera. Kalerako beharrean, arratsaldean berriro bildu dira guztiak. Enbeita eta Amuriza geratu dira bekoz beko atzen-atzenean. Bakarkako gaian "Aita"-ri hiru bertso eskatu eta lehena amaitu duenerako, pilotalekuan diren bertsozale guztiak emoziora biltzea lortu du. Erreferentzia historiko ezagunak entzuleak bere erraz egiten dituen zirrara unibertsalekin uztartzean azartatu du. Hipnosia deitzen den hori da, bere lanarekin oso artista gutxik erdiesten duen efektu magikoa:
Aita
izena kanta beharrak
jarri
dit bihotza bero,
aukera
eder hau izango zenik
ez nuen
hemen espero;
preso
nengoen Zamoran eta
han gelditu
ia ero,
joan
nintzen ta bertan nengola
aita
hil zitzaidan gero,
nahiago
nuke edozer baino
hemen
bizirik balego.
Zamorak oihartzun zaharrak dakarzkio entzuleari. Bertan egona da preso Amuriza beste euskal abade batzuekin batera frankismoaren garairik gorrienean. Zamoran ondu zuen izenburutik bertatik adierazgarria den "Menditik mundura" liburu zoragarri hura, bertsolaritza eta poesiaren arteko saio mindu eta jostaria. Eta hori dakar hain zuzen ere Amurizak bertsolaritzara. Halaxe azaldu du Deia egunkarian egin dioten elkarrizketan:
Mundua bera bezala, bertsozalea eta bertsolaria bera ere aldatzen doaz. Bertsolari mundu eta kulturak jarraituko du, baina beste jende klase batek ere etorri beharko du, batipat literatura inguruko mundutikako jendeak, nahiz eta honek klasikoen bizitasun eta eztena galtzeko arriskua, hau da, naturalidade direkto hori galtzeko arriskua berekin izan...
Halaz ere, arerio asko ditu Amurizaren bertso erak. «Botikako bertsolaritza» deitzen dute maite ez dutenek, «artifiziala», «arola». Amurizaren legea ez baita bertsolaritza erregistro kultu batera ekartzea soilik. Batuaz kantatzen du batuak tokirik izan ez duen plaza betean:
Nik daukadan pozik haundiena da Donostian, eta Gernikan, eta Arrasaten, euskara batuan eginik, eta gainera euskara literarioan, esan nahi dut, idazten dan bezala kasik kantatuta, eta hortara joanda, herriak, bildu ziren 4.000 horiek ederki entenditu zutela, eta euskalkietan egin bagenu, nik bizkaieraz egin banu, Baldan 4.000tik hiruk etzidaten ulertuko erdirik...
Xalbadorrez gain, etorkizuna ere badu gogoan.