1980 Bilbo

Hizkuntzaren oinak

Presa du euskarak. Beldur da Unamunok Arriagan emandako hitzaldiak begizkoa egin eta betirako apo, betirako txiki eta zatar geratuko den. Eta gero eta txikiago, gero eta zatarrago, ez ote den itoko, ez ote den betirako ihetxetuko ondoan dituen erraldoi harroen saltsatan. Badu obsesio bat mintzaira honek, eta ez da mihiekin, oinekin baino. Presa zuelako ekin zion oinez, Kilometroak-ekin lehenbizi, Ibilaldia-rekin gero. Presa duelako arindu du pausoa, eta arin-aringa, lasterka, antxintxike, arineketan, saltaka, karran, galapan ekin dio bihotz eiteko lurraldearen mugak eta barne zainak ibiltzeari.

Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren sorreren lekuko izan zen Oñatiko Unibertsitate zaharretik abiatu da Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak antolatu duen lehendabiziko Korrika hau. Jose Maria Satrustegi euskaltzainak eman dio hasiera gaueko hamarretan, Txantxiku Ikastolako lau haurrek hartu diote lekukoa honi. Oñatiko kaleetan, Eusko Jaurlaritzaren Barne kontseilariorde eta herriko alkate den Eli Galdos izan da eroale. Bilbora garaiz heldu nahi badu, 1.820 kilometro ditu aurretik, 182 orduko bidea. Azaroaren hondarretan gaude eta elurra ari du. Euskararen salbaziorako bidea, Arestik jarri gintuen jakinaren gainean, ez da samurra. Bidania gainean kateak behar izan dituzte lasterketa jarraitzen duten autoek. Nafarroako zenbait eskualdeetan, Zuberoatik pasatu denean bezalaxe, arazoak egon dira Remigio Mendiburu eskultoreak diseinaturiko lekukoa eramateko. Korrikalariak falta. Aurten bertan sortu den Iparraldeko AEK-k kostaldean baino ez ditu euskaltegiak, eta Nafarroak handitik du ederretik duena...

Une hunkigarriak ere ezagutu ditu gau eta egun, etenik gabe eskuz esku pasarazi den lekukoaren bideak. Santiago zubitik muga igaro duenean oilo ipurdia jarri dio bere barnean Rikardo Arregiren testu bat daraman lekukoari berari ere. Iruñean foru parlamentariek, udal zinegotziek, Osasunako jokalariek eta beste hainbat gizarte arlotako ordezkariek eraman dute, Bergaran Telesforo Monzonek, Lazkaon Aita Barandiaranek, eta 91 urte ditu...

Lekukoa Bilboko kale zabaletara heldu denean, poza da nagusi antolatzaileen artean. Lana beltz egin da, eta milaka oinen ibiliaren bozkarioa da saria. Ezustekoa lekukoa zabaldu denean etorri da. Rikardo Arregik 1966ko urtarrilaren 16an Andoainen idatzitako mezua, falta da. Airearekin bat egin du, desagertu egin da, higatu, ihetxetu, Unamunoren euskara bezalaxe. Antolatzaileak idazkiaren fotokopia baten bila doazen bitartean, AEK-k azken ekitaldirako prestaturik duen agiria irakurtzen du Julen Kaltzadak. Aurreikuste guztiak gainditu direla dio, AEK euskara erakusteko erakundea dela, publikoa, ofiziala, autogestionarioa eta zazpi herrialdeetakoa. Gero, korrikan egoterik izan ez dutenak ekarri ditu gogora:

«Euskal Herriaren alde lan egitearren bizia galdu dutenak. Euskal Herriaren alde lan egitearren kartzelan usteltzen daudenak. Komisaldegietan torturak sufritzen dituztena, torturak hartuko dituzten beldurrez angustiaturik daudenak... Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi Euskalduna! Gora langileria! Gora langileri euskalduna!», oihuekin amaitu du hitzaldia.

Ondoren eman den prentsaurrekoan Rikardo Arregiren testua irakurri eta ezagutaraztera eman bada ere, AEK-k Euskaltzaindiarekin, EAJ-rekin eta Eusko Jaurlaritzarekin dituen hartu-emanak oso kaltetuta geratu dira. Elurrak ez dira udaberriarekin lurmenduko.

Gure Mendea