1979
Lekeitio

Eta kale antzerkia itsasotik
Udazken zahar edo negu gazte, eguraldi lainotsu, goibela da. Tartean-tartean, euria dakar. Neguari dagokion eguraldia inondik ere, eta Lekeitio ere hala jantzi da, neguz. Itsasoa harro dabil eta olatu zurdek gain hartzen diote talari.
Ez dirudi arorik egokiena denik kale antzerki topaketa batzuetarako, baina badira egoki ez eman arren egoki ateratzen diren apustuak. Italia eta batez ere Eskandinavia direla gonbidatu eman zaio hasiera azaro umel honetan Lekeitioko Lehen Nazioarteko Topaketei.
Hasierako ideia Ispasterko baserri batean sortu da, mahai baten bueltan. Bertan bizi dira Txiruliruli taldeko partaideak.
—Teatreruak? Hippy batzuk! —esanen dizute herrian galdetuz gero.
Kontua da taldearen bueltan antolatu direla topaketak. Lekeition, herritarren laguntza izan dute. Lo egiteko tokiak, kartelak jartzeko jendea, otorduak egiteko elkarteak... betirako gorde izanen dituzte antolatzaileek esker oneko hitzak Lekeitioko herriarentzat.
—Baina jende ona! Ona!
Topaketak bi mailatan eman dira. Alde batetik, Euskal Herriko antzezle profesional batzuk Danimarkako Odin Theatre eta Italiako Nucleo taldeek emaniko ikastarotako ikasle dira. Bertan gorputz espresabidea landu da, ekialdeko era parateatralak ikusi dira... Bestetik, kalera irten du antzerkiak. Topaketek kalea hartzea dute azken helburu, eta hala atera dira performanceak Lekeitioko moilara, plazara, karrikarte estuetara.
Eta dena bada ikusgarria ere (Alex Angulo mimoa egiten, klown eroak, izaki groteskoak, Don Terentzio eta Doña Tomasa herriko erraldoiak, ekialdeko antzerkiak frontoia hartu zuenekoa, Lantzeko ihauterietako pertsonaiak non eta kostaldean!...), gertaera batek utzi ditu sor eta lor azaroko asteburu honetan Lekeition bildu diren ikusleak. Inork nola ez dakiela, koloretako hegazti erraldoi batzuk agertu dira Garraitz irla atzetik, potinetan, ontzi txikietan lehorreratzeko. Musika dute zain, eta musikaz lagundurik ekin diote hegazti hegal luzeek ume eta helduen gainetik ibiltzeari. Odin Theatreko danimarkarrak dira zanko gainean. Zankoak baitira, akulu-makuluak, txiki-makoak, hankapaluak. Ikusle helduenen artean, inor gerra osteko garaietako jolasez oroitzen da.
—Halantxik ibilten ginan geu be!
Eta Topaketak amaituagatik, uharetxoa utzi dute hauek. Lan Zinema ekoiztetxeak Juan Ortuostek eta Javier Rebollok zuzendutako "Topaketak" filma laburra burutu du, 35mm-tan eginiko filma kontzeptuala.
Ikasle izan diren aktore euskal herritarrentzat, dagoeneko ezer ez da berdin. Euskal Herriko era parateatralen aurkikuntza bat dago, nola edo hala aurrera atera behar diren loturak bilatzen dira. Halaz, besteak beste, Bilboko Maskarada taldea hasia da "Pantzart" muntatzen. Talde askotan, hankapaluen aurkikuntzaz hitz egiten da, nola ekarri zankoen teknika buruan borborrean dabiltzan proiektuetara.
Eta antolatzaileak? Txiruliruli-koek Ispasterko haize hezea utzi eta Arabako Birgala herrira joan dira, baina Elena Armengot-ek zuzentzen duen taldearen izen berrian daramate Lekeitio. Kostaldeko herri honetan ardiari ematen zaion izena gogoan, izen hori berbera eman diote batez ere haurrentzako antzerkia landuko duen talde berriari: Bekereke.