1979 Baiona

Seaska hil zorian

Etzangu izena du, baina ez daude lotan. Hamar urte daramatza Seaskak euskarazko irakaskuntza lanetan Ipar Euskal Herrian. Gainontzeko frantses eskoletan, izan publiko edo pribatu, ez da inon lan hau egiten. Eta urterik urte, emendatuz doa ikastoletan izena ematen duten haurren kopurua. 471k hartu du aurten Seaskarako bidea, 433 ziren iaz. Behatzen hasita, deus guti Gipuzkoako ikastoletan iaz matrikulatu ziren 27.575 haur eta gaztetxoen aldean. Baina mundua da hemen.

Ezarian-ezarian, baratxe, gurasoen borondate hutsez eta ahal bezala zabaldu dira gelak eskolaurreko umeentzat: hiru gela Lohizunen, bina Baiona eta Hendaian, bana Arrangoitzen, Senperen, Azkainen, Hazparnen, Garazin, Miarritzen, Kanbon, Saran, Maulen... Euskal Herritik kanpo ere bada gela bat Pauen, bertara lanera joaniko euskaldunen seme-alabentzat jarria. Lehen mailakoak Angelun, Lohizunen eta Donapaleun pilatzen dituzte. Egun, 22 dira ikastolak, 33 irakasle eta langileak. 40.000 libera galtzen da hilero, galerak %110ean goititu dira bi urteez... dena da argirik ikusi gabe aitzina egin behar bat.

Datu gehiago. 1.106.000 liberetakoa izan bazen iaz Seaskak izan zuen diru sarrera, gurasoen ekarpenetatik, jaialdietatik, laguntzaileen emaitzetatik eta egutegiak saltzetik atera zen parterik eta handiena. Erakunde ofizialetatik heldu zena hutsaren hurrengoa izan zen: 86.000 libera eman zituen Kontseilu Orokorrak eta 40.000 herriko etxeek. Konparazioak ezinago iraingarri dira. Frantses gobernuak eskolatutako haur bakoitzeko 7.600 libera ematen dituen bitartean, 400 besterik ez ditu ematen Seaskan dagoen umeko.

Egoeraren larria ikusita, dirua biltzeko kanpaina berria ere zabaldu da Hegoaldean. Orain arte "Haur bat, franko bat" zena, "5 libera euskaldun bakoitzeko" bilakatu da. Horrela, kendu egin nahi zaio hamabost pezeta emanda limosnatik zuen zera, duindu egin nahi da, gizartera ekarri eta sozializatu Iparraldeko haurren euskalduntzeak dakarren arazo beltza.

Eta arazoa ez da soilik diru iturri ofizialak mehe direla, bestelako bideetatik lor daitekeena ere ez dela biltzen uzten baizik. Hendaian, sokatira saio bat eraturik zegoen berriki herriko ikastolaren alde. Muga itxi zen ordea, eta Hegoaldeko soka-tiralariek ezin izan zuten Bidasoaz honantz pasatu. Miarritzen B. Marie diputatuaren eskutik heldu zaie "Euskal Jaia" eratzeko debekua. Baionan, Aviron Bayonnaise-k antolaturik zuen Nantes eta Donostiako Real Sociedad-en arteko futbol partida galarazi du Frantziako Barne Ministerioak. Bistan da, euskara arazo politiko bilakatu du frantses gobernuak Iparraldean.

Iruditu txarra hartuta dabil nonbait. Alta bada, gaur egun Seaska da Ipar Euskal Herrian elkarte euskaltzalerik hedatuena, handiena eta esankorrena. Bertako alderdi politikoen faltan, Iparraldean diren talde politiko abertzale guztiak (Enbata, Mende Berri, Herri Taldeak...) hagitzez estuago dabiltza antolakuntzan zein gizartearengana heltzeko orduan.

Urteen emariaz, nola langarra soropil gainean, herri nortasunaren eta duintasunaren sinbolo nagusi bilakatu du frantses gobernuak Seaska, 471 ikasleren gurasoak biltzen dituen Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea.


Seaskaren aldeko manifestazioa Baionan.

Gure Mendea