1978
Donibane-Lohizune
Donibane-Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan ospatu den kantaldiak elkartu ditu Mikel Laboaren eta Atahualpa Yupanquiren ahotsak. Urteekin, Laboak kolorea eman dio bere errepertorioari, bide berrietan barrena abiatu da. Hasierako Arestiren letrei eta kantutegi tradizionaleko abestiei oso bestelako batzuk gehitu dizkie. Erraietatik ateratzen diren oihu artean, "Lekeitioak" ematen ditu, jendeari irribarrea edota harridura une bat ebasten dioten jolas fonetiko komunikatiboak; beste muturrean, ez ditu etxean gordetzekoak Bertolt Brecht-en poema musikatuak, sozialagoak hagitzez, itxura batera zuzenagoak.
Atahualpa gitarra urratzen hasi orduko, begiak bete ditu entzuleak. Iparragirreren doinu ezagun baten bertsioaz, "Madre Vasca"-rekin hasi du bere saioa:
"¿Qué
nombre tendrán las piedras
que la
vieran caminar a mi madre?
El árbol
a cuya sombra descansó
¿dónde
estará?
¡Qué
bueno si lo encontrara
para
rezar o llorar!
He de
llegar algún día
en tierra
vasca a cantar.
¡Ah!
Madre, desde muy lejos
en mi
copla volverás..."
Atahualpa Yupanqui urrun dabil itxurakeriatik. Egia da, Mexiko iraultzailean Pancho Villa deitzen zuten Doroteo Arango Aramburuk bezalaxe, euskalduna zuen ama.
«Por el lado materno vengo de Regino Haran, de Guipuzcoa, quien se planta en medio de la pampa, levanta su casona, y acerca su vida a los Guevaras, a los Collazo, gentes muy de antes», aitortua du "El Canto del viento" liburu autobiografikoan.
Aitaren aldetik berriz, Amerikaren bostehun urteko odola dabilkio zainetan lauhazka. Argentinako iparmendebaldearen kantaria da Yupanqui, Salta eta Jujuy-ko arroiletako harriekin, Tucuman-go urrats galduekin hitz egiten duen gizona. Benazko txalo artean, "Viene clareando", "Piedra y camino", "El arriero"... jotzen ditu. Eta horrela, astiro, mendeek eman dioten lasaitasunaz, milonga, zamba, chacarera, vidala doinuz durduzatu du Lohizunera hurbildu den entzule euskalduna doan tokira doala Atahualpa Yupanqui izenez ezagutzen duten Héctor Roberto Chavero-k.
Maite da Yupanqui Euskal Herrian. Maite da kanpotik horrela, orbelaren urratsez datorrena. Urteetako blokeo kulturala kanpotik haustera datorren oro da ongi etorria hemen. Badira gehiago. Orain urte bi, bost langile hil zituen tiroz poliziak Gasteizko Zaramaga auzoan San Frantzisko Asiskoaren elizan huelga egun batean asanblada egiteko sartu eta kanpora ateratzen ari zirela. Balaz zaurituak ere, hogeita hamahiru izan ziren.
Sarraskia ahanzturaren itsasoan desegin ez dadin konposatu du Lluis Llach kataluniar kantariak "Campanades a morts" kantata ederra. Abestia bazter guztietara hedatu denetik, lehen baino etxekoago hartzen da Laboarekin batera hamaika kontzertu eskaini dituen Llach Euskal Herrian. Lertxundi, Lete, Knörr, Lupe, Iriondo... bezain etxekoak dira engoitik Atahualpa Yupanqui, Lluis Llach.