1977
Astigarraga
Olariaga
Antton Olariagaren marrazkiek akats nabarmena dute: antzeman egiten da maitasunez eginak daudela. Zakilixut Egin egunkariko orrietan agertzen hasi denetik, asko dira kalean geratu eta «nirekin pentsatuta sortu al duk?» galdetzen edo aho bete hortz "Nik egiten ditudan gauzak egiten dizkik!" esaten diotenak.
Eta berak denei diotse baietz isilean bere irribarre maltzurrarekin. Ez dio gezurrik. Kalean geratzen dutenak eta «Hi Antton, hago piska batean!» esaten ausartzen ez direnak, denak ditu gogoan Antton Olariagak Zakilixut Euskal Herriko kale, mendi eta hondartzetara ateratzen duen bakoitzean. Zakilixutek (izenak zer esan nahi duen jakin gabetan ere senti zaitezke Zakilixut) sexuaz, hurrengo tragoaz, euskal rockaz edota porroaren gozoaz pentsatzen duenean, orain arte euskal komikietan agertu ez den mundu zibila errebindikatzen du berarentzat eta bere gizartearentzat. Horregatik hartu du zenbaitek egunkaria "Olariagaren azkenarekin" hasteko ohitura. Soziologikoki asmatu duela esatea badago. Zergatik ere bai. Zakilixutek zain, sentsibilitate askorekin egin du bat. Militantea izan liteke, baina bizipoza du militantismotik kanpo. Horra Olariagaren ekarpena eta Zakilixuten arrakastaren giltza.

Militanterako baditu beste bi seme, Zeruko Argia-n astero-astero hutsik egin gabe agertzen direnak. Bat Mozorrozko da, prekontseilari maskaratua, laser akuiluaz garai nahasiotako euskalduna defendatuko duen superman partikularra. Hormasprayko da bestea, kazetariek "trantsizio demokratikoa" deitzen duten honetako horma guztiak inork inoiz baino era original eta azkarragoan janzten dituen pintadajolea.

Ez dakit nork esana den, baina polita da. Zakilixut, Mozorrozko eta Hormasprayko-rekin, gozoagoa egiten ari da frankismoaren gau beltzetik ateratzea.