1976
Gernika

Anje Duhalde eta Michel
Ducau, Errobi.
Rocka Iparraldetik dator
1967. urtea hastear, El Fuego taldean berarekin bateria jo zezan animatu zuen Mixel Saintestebanek Anje Duhalde. Eta hala, berbenaz berbena zebilelarik ezagutu zuen bazela euskal kantu berria iragartzen zuen Labegerie bat. 70. hamarkadaren atarian, Benito Lertxundik estonatu zuen batez ere, Donovan eskoziarraren abestiak euskaraz kantari entzun zizkionean. Handik gutxira aldatu zuen bateria gitarragatik, eta arian jardun zuen, harik eta abesti sinpleak, akorde errazeko doinu batzuk ondu zituen arte. Daniel Landart idazle adiskideak eman zizkion musikak biluzik segi ez zezan behar zituen letrak eta Elkar diskoetxeak single bat grabatzeko aukera.
1973ko egun batean, diskodenda batean maiseatzera sartua zelarik, lizeo garaiko lagun bat aurkitu zuen bertan, Mixel Ducau. Pau aldean zebilen hau, Bachanales izeneko berbena talde batean gitarra-jole. Musikaz aritu ziren batez ere. Berehala ohartu ziren biak nahiko ados zetozela gustu kontuan: Deep Purple, Led Zeppelin, Jimmy Hendrix... Mixelek rithm&blues-erako joera handiagoa zuen agian, baina diferentzia txikia inondik ere elkarrekin zernahi egiteko tentazioaren aldean. Anjek Elkarrek singlearekin eginiko eskaintza aipatu zionean, adiskidetasun erdigalduari lehen froga ezartzeko aldarte ona zela deliberatu zuten biek.
Hurrengo urtean argitaratu zen "Zure Lantegia" singlea. Handik gutxira Mixelek Pau utzi eta Anjek berotuta El Fuego-n sartzen denean, gauzak ikaragarri azkartzen dira. El Fuego-n, Anjek bateriarekin jarraitzen zuen, Mixelek kantatzeaz gain gitarra ere jotzen zuen, Pantxoa Saintestebanek soinua eta Jean Phocas, berriz, baxuaz arduratzen zen. Anjek zenbait abesti kantatzen ditu euskaraz taldean Mixelekin batera Errobi proiektua aurrera ateratzen saiatzen den bitartean.
Egoera horretan eman du argitara Errobik bere lehen LPa. Daniel Landart adiskideak sorturiko letrak dira denak. "Perttoli", "Kanpo", "Aitarik ez dut" bezalako kantuei esker, Iparraldearen problematika soziala (turismoa, emigrazioa...) ezagutzeko lehenbiziko aukera dute Hegoaldeko entzule gehienek.
Giroa zer edo zer aldatzen hasia da. Hegoaldean, Ez Dok Amairu-k ez du etorkizunik proiektu legez. Frontoiak eta zine aretoak betetzen dituzten jaialdietan bakarka jarraitzen badute ere, lau urte badira prentsa agiri baten bidez agur esan diotela elkarrekiko abenturari. Iparraldean, 1969ko oporraldian sorterrira egin bidaia batetik Parisera lehen euskal rock kantua ("Izan gira Euskalerrin rock'n rolling...") hortz artean zuela itzuli zen Niko Etxart Euskal Herrian dabil, geratzeko itzuli da, eta herrietako plazak betetzen dituen "Minxoriak" taldea sortu du. Gazte asko hurbiltzen da Bidasoaz bestaldetik Ipar Euskal Herrian ematen dituzten berbena saioetara. Dantzaldiaren beroan, ikurrin eske azaltzen zaizkio. Sarako bestetarako, hamar bat erosi ditu. Bat ere gabe geratu da gau berean.
Gernikan, Errobik Hegoaldean eman duen lehenbiziko kantaldian, nahikoa izan da baten batek Niko Etxartek oparitutako ikurrin horietako bat ateratzea poliziak kargatu eta Daniel Landarten hitzak tiro hotsen artean galtzeko.