1976 Venezia

Non possiamo morire

Frankismopean Espainian egon diren joera artistikoen inguruan eratu da aurtengo Biurtekoa Venezian. "España, abangoardia artistikoa eta errealitate soziala"-k azken berrogei urteetako arte bideen isuri nagusiak zein izan diren erakutsi nahi du. Antolaketatik, Ibarrolari eskatu zaio Euskal Herriko artisten aukeraketa egin dezan, eta Ibarrolak hiru izen eman ditu: Eduardo Txillida (Lehen saria 1958ko Veneziako Biurtekoan), Jorge Oteiza (Lehen saria 1957ko Sao Paoloko Biurtekoan) eta bera, Agustin Ibarrola.

Txillidak, hasiera batean baietza eman duen arren, euskal artearen erakusketa zabalago bat proposatzen du. Euskal artisten asanbladak ditu alde, baina Ibarrolak aurrez iragarri dion ezetza jaso du Veneziatik. Oteiza, bien bitartean, isil lanetan dabil atez ate, Ipar eta Hego Euskal Herria batuko dituen pabilioi bat antolatzeko gestioetan. Baina Asamblea Democrática de Euskadi eta Leizaolaren Euzko Jaurlaritzaren bulegoak ez dira ametsen aldeko... Alderdi politikoekin bat, Biurtekoa ofizialki itxi ondoren euskaldunentzat beren-beregi antolatuko diren jardunaldietan Euskal Herriaren esku hartzea ziurtatuko duen taldea eratzea erabaki da azkenik, "Euskadi--Italia Batzordea". Venezian erabiliko den lema ere trenkatu da: "Amnistia Denontzat".

Uztailean hamazazpian zabaldu ditu Biurtekoak ateak. Euskal Herritik, Ibarrolaren lana baino ez da ageri bertan. Eta Oteizaren bi eskultura, bildumazale partikular batek egilearen baimenik gabe eramanak. Azkenean Ibarrolaren deiari ez jarraitzea ebatzi duten euskal artistek aldiz, ume bihurriek sagarrei bezala itxaroten diote udagoienari.

Bihotz bero hartzen da Venezia. Erakusketak ahalik eta arlo zabalena izan nahi du, Euskal Herria da artearen bidez kanpoan dena. Zinemagintzan, Zabalak "Axut" filma erakusten du, Sistiagak "Ere erera" esperimentala, Rebolledok "Arriluce" eta Larrukert eta Basterretxeak "Ama Lur". EAJ dokumental batekin etorri da, "Los hijos de Gernika". Historiari buruzko hitzaldiak ere eman dituzte Ortzik eta Davantek. Musika Laboa eta Artze anaien esku egon da, "Ikimilikiliklik" ikuskizunarekin. Enbaxada kulturala borborrean dagoen gizartearen ispilu da, eta Bandres eta Castells abokatuak bertaratu dira, Hegoaldeko lau batzordeekin amnistiaren gaia agertu asmoz. Azken unean, pertsonen eta gertaeren korapilo ikaragarri batek artista plastikoen esku hartzea galarazi du.

Egunotan, Veneziako ubideak euskal presoen askatasunaren aldeko afixez bete dira, ikurrina debekatua haizatu da Espainiako kontsulatuaren aurrean, euskal artisten kalejirek hartu dituzte Veneziako karrika estuak, "Ama Lur" vaporettoan promenatu da Rialtoko zubipetik...

I Baschi veniamo dal lungo silenzio dei secoli, / dove l'arte construì il primo uomo totale. / Vi tendiamo quella mano / che, appoggiata sul muro del santuario dell'arte / ottene una risposta / per spazzere catene, / per creare uomini, / per creare uomini, / per creare popoli. // E se ci avete risconosciuti... // Saprete che, noi Baschi, non possiamo morire / non vogliano morire. // Perchè, ora, questa mano / è già nostra e vostra. // Perchè, ora, uniti, pretendiamo / recuperare ancora / uomini liberi per popoli liberi.

Veneziatik bueltan, euskal gizartearen beste arlo askotan lehenagotik gauzatzen zetorrena dator artearen mundura ere. Espainiako Alderdi Komunistako eta ideologia abertzaleko artisten arteko harremanak eteteko garaia heldu da.

Ubide Nagusiko ur lohiak dira lekuko. Artea ez daiteke gizartetik bereiz.

Gure Mendea