1976
Leitza

Itziarren alaba
Bihotza mihi duela ikasi du kantatzen "Itziarren semea" edozein herritako jaietan. Hasieran inoiz goibel inoiz harro zitzaion doinu bat besterik ez zena, letraz letra, esaldiz esaldi xaretzen joan zaion mundu izugarria da Peio eta Pantxoak ahots eztiz dakarkiotena. Orduan ohartu da, eta ez du nahi, torturatuaren zintzotasunari inoiz eginiko gerra poemarik gogorrena dela, latza, garratza, atxilotuari menturaz eman ezin dezakeena eskatzen diona...
Zazpi
gizon nituen joka inguruan...
Makilaz
hartu naute ostikoz lurrean...
Bainan
nik ez dut eman lagunen izenik,
Ta hantxe
gelditu dira fitsik jakin barik!
Zangotik
zintzilik, ni beti ixilik!
Ta hantxen
gelditu dira fitsik jakin barik!
Geroko kontua izan da Itziarren semea nor den ezagutzea. Galdez jakin du Andoni Arrizabalaga duela izena eta ondarrutarra dela. 1968an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta zortzi egunez torturatu zuten Ondarroa eta Zarauzko kuarteletan. Oinazea ez zitzaion han amaitu. Donostiara eraman eta Antigua auzoan duten komandantzian eduki zuten gero. Beste hamalau egun egin zituen han Guardia Zibilaren esku. Ezagutzen den tortura kasurik gogorrenetakoa izan zen Andoni Arrizabalagarena. Mito bihurtu zelako ondu zion letra epiko hau Monzonek. Giza mitoetan sinetsi beharra duelako kantatzen du orain jendeak Itziarren semearen istorioa.
Itziar-en
semeak
Ez du
laguna salatzen...
Eta zakurren
aurrean
Tinko
ta ixilik egoiten...
Espetxerat
igorri dute,
Amak
ez du ezagutu...
Ta Majik,
pullik pulliki,
Eman
diozka bi musu...
Ilunabarra atean da laguna etorri zaionean zerbait eskuetan. ĞMaria Amparo Arangoa Satrustegui, zaurituağ irakurri du letra larriz unatuta bezala zabaldu den aldizkarian. Aldamenean eta behean, laborrian jarri duten lau argazki ageri dira. Ipurmasailetako ubeldurek Amparo Arangoak Tolosako kuartelean jasandako tortura saioak salatzen dituzte. Leitzan, lanetik irteeran bahitu zuten, arratsaldeko hiru eta erdietan. Bost ordu berantago eraman zuten Donostiako Virgen del Camino ospitalera. Dagoen gelan ateratako argazkiak dira Zeruko Argia-k dakartzanak. Paralisiak jota ditu giltzurrunak eta hesteak. Giltzurrun artifizialaz iraun du bizirik.
Orduan ohartu da ez duela inoiz torturatu baten argazkirik ikusi. Aurreneko aldia da euskal prentsan koloretako orriak erabiltzen direna. Tortura markak ezkutaezinak gertatzen dira honela. Izterren gorri ubelak, begiradaren tristurak beste dimentsio bat, neurri ikaragarriagoa ematen diote kazetariaren salaketari.