1973 Ezpeleta

Lore beltzak primaderan

Gauza triste bat publikatzeko kantatzerat naiz abian;
horra zer berri zabaldu zaukun berriki Euskal Herrian:
laguntza faltak berekin duen pairamenaren erdian,
hiru gizonek beren bizia galdu dutela mendian.
Etziran gure arrazakoak mendian galdu direnak,
Jainko Jaunaren bixtan ordea anaiak girade denak;
kolorez beltzak izana gatik, heiek ere ama banak,
bertzek bezala sofriturikan, mundu huntarat emanak.

Mendian beren bizia galdu duten hiru gizonak apirilaren aurrenetan Irun utzi zuten talde batean zetozen. Senegal eta Malitik Portugalera helduta, hiru mila eta bederatzi mila eskudo artean ordaindu zaizkio Bidasoaz bestalde utzi behar dituen kondra-bandistari. Eta ohiko bidea Dantxarineatik Ezpeletara bada ere, mugazainen ibiliei susmo gaiztoa hartuta Otxondo-Gorospil-Sorototik egitea erabaki da.

Afrikatikan huna zatozin, eginik bide luzea;
ezin jasana zuketen nunbait herriko ezin bertzea;
beren bizia hobetu nahiz, gosez ta hotzez hiltzea;
bas'ihiziek gorenaz dute halako heriotzea!
Diru zuteno laguntzaileak bazituzten ene ustez,
bainan zonbaiten karitatea egiten da diru hutsez;
hartarik kanpo axola guti bertzen arima gorputzez;
gauza horrek nau orroit arazten Judasez eta Jesusez.

Judasen traizioa Gorospil inguruan abandonatu dituen mugalariak egin die. Auto baten bila doala esanda utzi ditu honek zazpi etorkinak mendi gorrian. Ez da gehiago itzuli.

Ezin bertzea berekin dauka betitik herri pobreak,
hango jendea tirriatzen du bizi modu bat hobeak;
haren ondotik zabiltzalarik, hil dira dohakabeak...
Ai Ezpeletan aurten nolako primaderako loreak!
Bas'ihiziak gerizatzeko badute lege bipilik;
heietan zonbait ihizatzeko ez du gizonak pegilik;
eta jendeak norbaiten faltaz mendian goseak hilik...
lege horien sustatzaileak gelditu dira ixilik.

Zain, taldea hildakoen eta bizien artean banatzen da. Oinak ibiltzeko dituztenak estalpea eman zaien baserri batera iristea erdietsi dute. Hotzez eta gosez hil direnak apirilaren 14an Olhagarai deritzan artzain batek aurkitu ditu. Baina utz diezaiegun bertsoei libreki mintza daitezen...

Boteretsuak ilargiraino igan zauzkigun orduan,
nehoiz bezanbat injustizia ikusten dugu munduan:
batzu dirutan emokatuak, gako guziak eskuan,
eta bertzeak ogia galdez, biziaren irriskuan.
Dirua deno gure nagusi, ikusiren da holako:
aberatsentzat ateak zabal, hertsi pobrearendako;
iduritzen zaut, gizona bada erreprotxurik gabeko,
bidea libro behar lukela nahi lekurat joaiteko.
Arrotz horiek horrela hiltzen ikusiz gure artean,
nolaz eduki ginezake guk kontzientzia bakean?
Orroit gaitezen, atsalde batez, Galbarioko gainean,
gu guzientzat hil izan zala Jesus kurutze batean.
Jesus maitea, otoitzez nago kurutzearen oinetan,
ixuri duzun odol saindua ez dadila debaldetan;
gure lurrean hil zure haurrak harzkitzu, otoi, besotan,
arraza berex eta mugarik ez den erresuma hortan!

Salaketa borobilegiak inorenak ez izateko... Urepeleko mendi hegaletan gora, Xalbadorren bihotzak Sahelez bestaldeko lautaden neurria hartzen du, eztitasun idor bateko egiten da.

Gure Mendea