1972
Paris

Jon Mirande.
Gabon albistea
Urte Berriari ongi etorria emateko prestakizunetan, jendea dendaz dabil, eta Mirande ez doa lanera. Idazlea ez da gehiago itzuliko Finantza Ministerioko bulegora. Itxura guztien arabera, bere burua heriotzari ematea erabaki du Jon Mirande Aiphasorhok.
Paristarra eta euskalduna, guraso zuberotarrekin baino gehiago ikasi zuen euskara Parisen lagun min izan zuen Andima Ibiñagabeitiarekin. Hogeita bost urte zituela hasi zen Jokin Zaitegik Guatemalan zuzentzen zuen Euzko Gogoa-n bere lehen poemak ateratzen. Olerkiok hats berria zekarkioten euskal literaturari, gaiaren aldetik bederen. Panteistak ziren, edo sexu harremanen gorazarrezkoak... Artikuluak ere igortzen zituen, ipuin laburrak, itzulpenak. Harrapatutako hizkuntza guztietatik euskaratu ditu maite izan dituen egileak: Poe, Saki, Jasson, Keats, O'Neill, Schiller, Nietzsche, Mainnin, Clercq...
1954an Andimak Ameriketarako bidea hartu duelarik, bakarrago geratu da. Mitxelenaren adiskide egin da, honekin batera izan da 56ko Arantzazuko Biltzarrean. Ordukoak ditu Egan-erako kolaborazioak. 1959ko otsailerako buruturik du bere eleberria, "Haur besoetakoa". Mitxelenari eta Egan-ekoei bidali die lehenbizi argitara eman dezaten, baina presioa gaitza da:
«Ederki idatzia dago, gai berria du, biziro adierazia eta "garbiro" erabillia. Ala guztiz ere, eztugu emen argitaratzerik; "Egan"-en agertuko balitz, akabo aldizkaria. Erasoa ez ezik ekaitz ikaragarria ere izango genduke bizkar-gainean», erantzun dio dotore Mitxelenak.
«Gai berria», pedofilia da, hamaika urteko neska baten eta aitapontekoaren arteko hartu-emanak. Mirande etsita dago, ezin jarki zaio euskal gizartean sumatzen duen apaizkeriari: «Geroago eta konturatzenago naiz gauza piska bat sakonak Euskeraz eta Euskaldunentzat idaztea "margaritas ad porcos" emaitea dela...»–idatzi dio Andimari Caracasera.
Denborak nahigabea are gehiago belzten dion bitartean, beste bide batzuk entseatzen ditu: Ameriketan argitaratzea pentsatu du, beste hizkuntza batean ematea... Euskal Herrian kaleratu dituen lanetan, sormenak gero eta tarte handiagoa utzi dio gogoeta artikuluei, sastada zirinei. Adiskide duen Txomin Peillenekin sei ale baino izan ez dituen Igela aldizkari satirikoa argitaratu du, zalantzarik egon ez dadin azpititulu esanguratsua duena: "euskaldun heterodoxoen errebista".
Anartean, "Haur besoetakoa"-k larregi itxaron behar izan du. Lewis Carroll-en eraginez Vladimir Nabokov-ek idatzitako "Lolita" (1955) oso egin da ezaguna, irakurrita ez bada ere Stanley Kubrick-ek 1962an buruturiko filmagatik (Mirandek ez ezik Kubrick-ek ere izan zituen arazoak zentsurarekin, filmatu ahal izateko urteak gehitu behar izan zizkion Lolitari, alegia, Sue Lyon aktore gazteari).
Azkenik, Aresti eta "Lur" izan ditu editore... baina 1970ean. Urteak pasatuagatik, gaiaren berritasunak bere horretan jarraitzen du. Aresti da:
Zeren liburu honen gaia izutzekoa da. Guri ere, irakurri dugunean (eta ez gara errazki izutzekoak, bizitzeak, gure zentzagarri krudel honek, aski irakatsi baitauku), buruko biloak luzatu eta belaunak larritu egin baitzitzaizkigun.
Eta oraindik gogorra egiten bada ere, nahitaez argitaratu beharrekoa da, «munduko hippiek inposiblearen bazterretan libertade amesgarri horri dedikatutako abesti eder, gaitz eta ezin bat. Ikaragarritasunean mamitutako edertasun inposible bat» den neurrian.
Faxista, antiabertzale, kode demokristauen hausle, orotan gaitzez aipatua, euskarara desgaraian etortzearen etsiarekin bizi izan da orain gehienen bakerako eta gutxi batzuen atsekaberako Parisko Gabonetan inoiz baino bakarrago hil den Jon Mirande:
Ai! Euskalerriko airea itogarri da giza-saldotik bazter egon nai den gizon askearentzat, izan dadin franquisten menpeko den Euskalerria, edo gaullisten menpekoa, bai eta, ondikotz, euskaldunen Euskalerri askea ere, sekula hala gertatzen bada: orduan ere ez dugu noski ispiritu askeok gure errian gure nortasunari dagokion bezela bizitzeko zuzenik izango, theokrazia izugarri bat izango baita Euskadi...