1972 Domezain

Buhameen Euskal Herrian

Ijito deitzen dituzte, buhame, motxaile, kito, zito, xito, kitano. Mugaren bi aldeetan, bizi diren herrian bizi, halakotsuak dituzte azturak. Elizarekikoak bataioarekin eta lehen jaunartzearekin finitzen dituzte. Gero, dena da legez kanpo bizitze bat begi katolikoentzat. Ez dira esposatzen, nahikoa dute ezkondu legez agertzea gizartearen aitzinean horrela hartuak izateko. Hil ostera, ez dira inoiz hiltzen. Euretariko ez denak ez du inoiz buhame baten hileta bat ikusi.

Eta menturaz hilezkorrak direlako zaie beldur. Ohoin dira, alfer, hiltzaile, neskatxen bortxatzaile... Txirritak ez dio sentimen orokor bati letra egoki bat baino jarri alferrak edo mozkorrak dira / erdi lapurrak geyenak / okasiyua ta eskandalua / faltatutzen etzayenak» dionean. Ijitoen euskara aztertu duen Piarres Lafittek ere, ahoan legarrik gabe mintzo da Serge Monier-ek egin elkarrizketan:

Il est certain qu'ils étaient dangereux. C'étaient des gens qui ne foutaient rien. Il fallait bien qu'ils s'occupent à quelque chose. Ils volaient, ils tuaient, etc...

Zuberoako maskaradetan ere hor dira buhameak, saltoka eta espantuka, kolore biziko arropaz beztiturik. Baina zer dira maskaradak historiari egindako keinu anker bat besterik? Aro modernoko gobernuek mendeak daramatzate ijitoei desterrurako bidea erakusten. 1802an bostehun hartu zituzten preso Garazi eta Baionako kartzeletan itsasoz bestalde bidaltzeko. Frantziak Ingalaterrarekin zuen gudak geldiarazi zuen agindua. Beste etorkizun bat asmatu zitzaien gizonezkoei: soldadu egin eta fronteko lehen lerrora igorri zituzten. Berrogei urte berantago Aljeriara ohiltzeko asmoz atxilotu zituztenak berriz, mugazain sartu zituzten. Horra heltzen diren herrira helduta bertako hizkuntza ongien egokitzen duten gizon-emazte libre hauen patua.

Euskal Herrian, euskaldun egin izan baitira. Bertako abizenak hartu dituzte, eta Etxeberria, Agirre, Iturbide edo Barrutia dira harrezkero. Donazarre aldean, bere haurtzaroan primeran egokitu eta bertako euskara ongi ikasi zutela du gogoan Lafittek. Lohizunen, "kaskarots" deitu izan dituzte egunero euren untzi txikietan itsasora ateratzen zirenak. Mugaren bi aldeetan berdintsua den hiztegia erabili izan dute buhame euskaldunek. Polita da erromintxela: Raha ama da, bato aita, panine ura, basta eskua, keroa burua, mintxa alua, txoria lapurra, xuria labana, xukela zakurra, baro handia, tino txikia, fukarra polita, piratu maitatu, pandotu sartu, najel egin ihes egin, matotu mozkortu... Eta hiltzen dira: marantu da hildakoa.

Ortzaizen, orain dela guti arte bizi izan da bertan euren azken erreginetako bat, Maria Pipa izenez ezagutzen zena. Kepa Enbeita Urretxindorra bezala, otarregilea zen, eta ausarki erretzen zuelako zuen irabazia izena. Euskal Herritik igarotzen ziren buhameen artean ohitura zen haren etxetik pasatu eta Maria Pipa agurtzekoa.

Egun, ia dena galdurik da: erreginak agurtzera pasatzeko ohitura, erromintxela, euskara dakiten ijitoak... asimilazioa deitzen den hori da han eta hemen nagusitzen ari dena. Gasteizen, Gao Lacho Drom herri esperimentalean sartu dituzte berritan berrogeita hamar familia. Diputazioak lagundutako etxeak dira, eta haurtzaindegia, eskola jantokia eta frontoia ere badituzte.

Lehengo usadioetarik, bakan batzuk baizik ez dira mantentzen. Egun Domezainen, jendarmeek (euskaldunak ere bai tartean) buhameak (euskaldunak batzuk) kamioietan sartu eta Marseillara bildu dituzte, gero handik Afrika iparraldera ohiltzeko.

Gure Mendea