1968 Donostia

Gobernadorearen zigorra

Ariketa moduan du hartua Gipuzkoako Gobernadore Zibilari gutunak etxera idaztearena. Arrazoien arteko gimnasia moduan gehiago jardun estilistiko baino, eta berak mailu izatea erabaki du, borra, agintariaren kontzientzian goizaldean kolpeka datorren ahots menderaezina. Literatura aldiz, euskaraz idazten duenerako gordetzen du:

El mayor peligro de una autoridad es verse cercado por una muralla de aduladores que le oculten la verdadera situación y opinión del pueblo que gobierna. Mi actuación tiende a evitarle a S.E. ese peligro.

Hasi Jose Maria del Moral-ekin hasi zen Nemesio Etxaniz gutun trukean, Donostia Aurrezki Kutxaren emanaldi batzuetan parte hartzea galarazi eta gero. Hasiera baino ez zen izan. Sistiaga anaia biei Jose Antonio Agirre lehendakariaren hiletara joateagatik Gobernu Zibiletik ezarri zitzaien isunaz kontu eskatzea etorri zen ondoren. Gobernadoreak, Etxanizen gutuna tarteko, isuna atzera botatzea erabaki zuen. Eta apaizak garbi ikusten du: hitzak josteak, agintariei gutun pribatuak idazteak funtzio sozial garbia du. Baina berak badaki bakarrik dagoena langintza honetan. Hala izkiriatu dio Andima Ibiñagabeitiari:

Gauza negargarria dana, ni bakarrik izatea horrela jokatzen: ori guztion bidea bear bailuke. Nik ez det uste izan beste munduko gauzarik egin dedanik; baiña lagunik ez dedala ikusten det, eta jendeari ausardi egundokoa izan dedala iruditzen zaio.


Nemesio Etxaniz.

Hamar urtetik goitikako bakarbide honetan ez du idazteko aitzakiarik behar izan. Gertaerek lagundu diote, berez etorri zaizkio. Agiri bat sinatu zuten apaizei kendutako pasaportea ez bada propagandarekin edota ikurrina bat jartzen atxiloturiko gazteen eskubideak ditu mintzagai. Lasai egon liteke Etxaniz. Gora-goraka datorren gizarteak ez du gai gabe utziko.

Denborarekin, gobernadoreak bata bestearengandik desberdintzen ere ikasi du. Sarritan pentsatu izan du gizon batetik bestera dagoen aldean, gizon berean dauden gizonetan. Jose Maria del Moral kasu berezia izan zen, bigunegia bere lanerako. Orain, Manuel Valencia Remón Donostiako bulegoko azken paperak jasotzen ari dela, badu oroitzapen zailagoa utziko diolako susmoa. Ez da harreman samurra izan. Harro hasi zen, eta hala jarraitu du, Del Moralen otzantasunik gabe erantzun izan dio beti. Zakurrarenak egin dizkio, bien arteko gutun pribatuak Dirección General de Seguridad-era igorri pasaportea uka diezaioten, polizia sator bat etxean sartzen ahalegindu... Beti gogoratuko da Valencia Remón-en sarkasmoaz, tortura salaketaren aurrean, berak ere entzun dituela garraisiak, baina ez zirela Sotero Irazustaren seme torturatuarenak, mozkor batenak baino idatzi zionean bezala. Eta Gobernadorea harrizko agertzen bada ere, Don Nemesiok badaki gutunek eragina izan dutena, zer pentsatua eman diotena. Hala heldu zaio kaletik zurrumurrua.

Idaztea tangoa, fox-trota, samba edota pasodoblea euskaraz ematea ere bazela erakutsi zuenak gutun bi idazten ditu egun berean. Batean bere buruaren eta bere familiaren kudeaketa bakeosoagoa opa dio Donostia uztera doan Gobernadore zaharrari. Bestean gizatasunezko agurrarekin batera Aberri Egunean zer ez duen egin behar abisatzen dio Gobernadore berriari idaztea bakarlana dela sinestuta dagoen abade-mailuak.

Gure Mendea