1967
Donostia

Txistuak txalo bihurtzen dituen pertsularia
Buneta beti aldean, begiak erdi itxian eta ahotsari hatsa doi ematen kantatzen du Fernando Aire, Xalbador-ek. Gizon luzexka da Urepeleko artzaina, eta esan liteke malda musker pikoek baldartu diotela ibilera taula gainera bidean.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazle berria ezagutzeko bidean da ekainaren hamaika honetan. Goizeko saioa amaituta, lau bertsolari, erdiak, pasatu dira arratsaldekora: Xalbador, Lopategi, Gorrotxategi eta Lazkao Txiki. Lauren arteko lehia gozagarri zaio Anoetako frontoira hurbildu denari. Lauren arteko bat, bakarra izanen da aurreko txapeldunarekin, Uztapiderekin azkenean neurtuko dena.
Epaimahaiak hondar saiora pasatzen den bertsolariaren izena eman duenean, Fernando Aire, Xalbador, oihuz eta txistu hotsez hartu da mahaiaren erabakia. Bost minutu eta erdi iraun du entzuleen txistualdiak, bertsolari bati inoiz egin zaion luzeena.
Tartean txalo bakan batzuk ere badira, eta iskanbila baretu denean, mikrofonora hurreratu eta honela kantatu du:
Anai-arrebak,
ez, otoi, pentsa
neure
gustora nagonik,
poz gehiago
izango nuen
albotik
beha egonik;
zuek
ezpazerate kontentu
errua
ez daukat, ez, nik...
Pilotalekuan bildutako entzuleak berriro eten du Xalbadorren kantua, baina oraingoan txalo zaparrada bihurtzeko lehengo txistu eta fuerak. Xalbadorrek, begiak bildu eta airean utzi dituen hitzak ehizatzen ditu atzera ere:
Zuek
ezpazerate kontentu
errua
ez daukat, ez, nik:
txistuak
jo dituzue bainan
maite
zaituztet oraindik!
Txalo artean aurkitu behar izan du amaitzeko bidea, eskuak handi-tzerainoko eskuzartak eta disimulatu gabeko malko batzuk erdietsi ditu ibilera baldarreko bertsolari luze-karak. Berari ere irristatu zaizkio batzuk... Ez da Donostian kantatzen duen lehen aldia. Jendea ohituxea dago Xalbadorren euskara entzuten, baina Aingeru Irigarai, Apat Etxebarne-k Diario de Navarra egunkarian egun batzuk lehenago eman duen artikulu batean iragarri bezala, zail egiten zaie oraindik ere haren mintzamoldea frontoia bete duten gipuzkoarrei.
Halaz ere, bertsozale askok gogoan ditu aurreko txapelketan emazte hilaren soinekoari kantatutako bertso haiek, entzulea oraino ere poema zirraragarri batera daramana:
Pentsa
zazute alargundu bat
ez daiteke
izan urusa,
dolamen
hunek, oi!, ez dezala
ainitz
gehiago luza;
orain
urtea ziloan sartu
andreñoaren
gorputza;
haren
arropa hantxet dilindan
penaz
ikusten dut hutsa.
Gaurkoarekin, txistuak txalo bihurtuta, buelta eman zaio gertakari lotsagarriari, anekdota gogoangarri bat ekarri da bertsolaritzaren historiara. Baina Urepeleko artzainaren barnean geratu den tristura bertsozale guztiena da, inoiz urtuko ez den histasun beltza.