1966 Gasteiz

Domino fitxak legez

Adizlagunen indarra dute, zenbatzailearen sendotasuna. "Gaur" deitzen da Gipuzkoan, "Emen" Bizkaian, "Orain" Araban eta "Denok" Nafarroan. Iparralderako proiektuak ez du batzuen indarrik ez bestearen sendotasunik izan. "Baita" zen deitzekoa, baina horretan geratu da, orain bederik izanen ez den xede batean. Eta ezinbestean, lau talderekin ekiten zaio bide gaitzari. Artearen sozializazio nahiak ez du inoiz Euskal Herrian hain estrategia zehatzik ezagutu.

Deus ez da hutsetik sortzen. Donostian, Amable Arias eta Sistiagak euskal arteaz antolatzen diren lehiaketetan suma daitekeen kriterio estetiko faltaz dituzten gogoetak erantsi dizkiote Oteizaren azpilanari eta Ibarrolaren barne harrari. Horrela, ilusioak eta erreak, ametsak eta kezkak pilatuz sortu da Movimiento de la Escuela Vasca.

Artea gizartera ager dadin hartzen den estrategia bera, pilaketarena da: "Gaur" agertuko da lehenbizi Donostian. Handik hilabeteetara, Bilbon, "Emen" aurkeztuko da, eta bertan izanen da "Gaur" ere. "Emen" eta "Gaur", biak izanen dira Gasteizko ekitaldian, "Orain"-enean, gero azkenik hirurak eta "Danok" agertzeko jende aurrera Iruñean.

Antolatuta zegoen bezalaxe eman zaio hasiera Donostian euskal artisten iraultza txikiari. Apirilean Barandiaran Aretoan bildu dira Amable Arias, Basterretxea, Ruiz Balerdi, Zumeta, Oteiza, Txillida eta Mendibururen lanak. Argitaratzen duten manifestuak salaketa eta bizi nahia erakusten du:

Todos sabemos ya quienes somos y que una poderosa juventud de artistas vascos reclama el sitio y la atención que se les debe reconocer en nuestro país, y que tenemos pasado, presente y futuro para saber cuales son nuestros propósitos, nuestras necesidades y los medios, puntualmente, todos los medios, para concluir con la postración cultural y material que sufrimos y el aislamiento entre nosotros y nuestro país.

Uda pasa dadin itxaroten da Bilboko agerpenerako. Arte Ederretako museoan aurkeztu den taldea handiagoa da eta ez hain bateratua. Errealismoa lantzen dutenak (Ibarrola, Blanco) abangoardistenekin nahasten dira (Larrea, Urrutia, Andreu, Urkijo). Eta Eskolaren hasierako planteamendu bateratzaile eta asanblearioari jarraituz, bertan dira baita ere hauen kontzientzia estetikotik oso urruti dauden paisajistak ere, pintura etnografikoagoa egiten dutenak (Gezala, Garcia Erguin, Iñurria...). Eta alta, nahas-mahas honetan Bilboko erakusketarako argitara ematen den manifestuak badu gutxieneko batasun bat. Emen-ekoentzat, Euskal Herria bizitzen ari den une historikoa azaltzeko gai diren jarrera estetiko guztiek dute tokia Escuela Vascan.

Baina Bilbon aberastasunaren zirriborro zena ezinaren marra da Gasteizen. "Orain"-en Ortiz de Elgea, Mieg eta Fraile margolariak, Etxebarria eskultorea eta Schommer argazkilaria bildu dira, kanpoan utziz arte garaikidearen korronte nagusietatik landa dabiltzan artistak. Eskolaren hasierako asmoei itzuri eginez, irizpide abangoardistek ez dituzte erakusketan onartu "Gaur" eta "Emen"-eko zenbait lagun ere.

ĞAspiramos a que nuestra estética responda a nuestra forma de vida y a nuestra visión del mundo. Nos negamos a que una estática convencional y oficial siga ahogando la personalidad estética de nuestro puebloğ idatzi da Amarica Aretoan aurkeztu den manifestuan.

Ametsa, engoitik, gainbehera dator. Garbiketatik barrurako atera diren Urkijo, Urrutia eta Ibarrolak euren lanak erretiratu dituzte erakusketatik at geratu direnei elkartasuna adierazi nahian. Movimiento de Escuela Vasca bata bestea eraisten datozen domino fitxak dira. Ilusioen pilaketa ezinena bihurtu da. Iruñean, Gasteizen gertatutakoa ikusita, ez da "Danok" taldeak aurkeztu behar zuen erakusketarik eginen.

Populismoa eta abangoardia bi gauza baitira, baita artean ere.


"Gaur" taldea.

Gure Mendea