1966
New York
Euskaldunok pantailan ez dugu parerik
Euskaldunen lurra iluntasunetik zinemaren argitara atera nahi delako bildu dituzte lau milioi pezeta jarriko dituzten lau mila lagun Fernando Larrukert eta Nestor Basterretxeak. Lau mila laguneko elkarte anonimo bat filma bat egiteko. Bada, "Ama Lur" film ederra izanen da amaitzen denean, Euskal Herriaren fresko bat, eszenategi koral bat oraindik ere badela erakutsi beharra duen herri baten erakusleiho zinematografikoa.
Ez da gerraostean euskaldunak gai hartuta egiten den lehen filma. Lehenago ere egon da saiorik, kanpotik eginak beti baina. Alain Resnais-ek 1950ean eman zuen zuri beltzezko dokumentalean Gernikaren bonbardaketa eta euskaldunen sufrikarioa pantailaratu nahi izan zituen, Paul Eluard-en poema hunkigarria zuela bizkar hezur. Urte batzuk beranduxeago, 26 minutuko dokumental labur bi filmatu zituen BBCrako Orson Welles-ek Euskal Herrian, "The Basques Countries" eta "La Pelote Basque". Euskaldunak, bizirik zen herri batekoak ziren. Koadro etnografikoak bai, baina sofritzeaz gain apaizek ere sotana eta guzti pilotan egiten zuten herri bat bazela erakutsi zion Welles handiak munduari.
Giza zientzien bitxikeria izateari utzi eta areto komertzialetarako jauzia eman beharra zuen euskaldunak ordea. Aukera Russell Rouse zuzendariak eskaini digu. Michael Curtiz-en "Casablanca"-n Rick-en ostatuan azaldu eta batera hiltzen duten Ugarte salbu (bai maiteak ditugula Peter Lorre bezalako aktore tristeak!), "Thunder in the sun" agertu arte ez dute euskaldunek beren dohainak erakusteko parada handirik izan Espainia eta Frantziaz kanpoko fikziozko film batean. Jacques Bergerac, Jeff Chandler eta Susan Hayward dira iragan mende erdialdean Kalifornian girotutako filma honetako aktore nagusiak.
J.K. Mallea Zeruko Argia-ko kronistak bertatik azaltzen duenez, New Yorkeko Brodway zine produktora ospetsuan eman da ezagutzera "Thunder under the sun" (sic), ("Trumoia eguzkipean"): «Western generokoa da, baina diferentzia betekin: betiko cowboy-en ordez euskaldunak ageri dira. Euskaldunak eta indioak». Malleak azaltzen digu zein den filmaren haria:
Iparraldeko euskaldun multzo bat Amerikara iristen da. Westeruntz nahi dute joan, euren herrian aurkitu ez duten lur zabalen bila. Bide-erakusle amerikar bat hartzen dute. Honi berehala sartzen zaio bihotzean ezkongai dagoen neska euskaldun bat. Hau dela-ta, zenbait gorabehera sortzen dira, bide batez haria luzatuaz. Azkenaldera, eremu lazgarria pasa ondoren lur menditsura jotzen dute. Tontor horien bestaldean zelai berdeak dagoz, alegia eurek irrika duten paradisua. Baina mendi-maldan kokaturik indioak ez diete pasatzen utziko. Bide erakusleak dio ez dagoela zereginik. Euskaldunak diotena: gauaz basoan ezkutatu eta egunsentian erasoko diegu. Zeharo harrituta, bide erakusleak erantzuten du: indioak eraso? Bistan dago zuek ez duzutela inoiz indioekin burrukatu. Euskaldunak harro ihardetsi: ezta indioak ere ez dute gurekin sekula burrukatu. Guk Europako indartsu guztiak apurtu ditugu: Erroma, gotuak, mauruak, Karlomagno... Pentsa eta egin. Eguna zabala ahala, irrintzi guztiz lazgarriak entzuten dira, indioei hezurretaraino bildurra sartzen zaiela. Euskaldunak basahuntzen pare egiten dute salto aitzartetik aitzarte; katamixarrak bezain arin igotzen dira arboletara, ta, indioak baino askoz gutxiago izan arren, irabazi egiten dute eta gero, zelai zabal gizenenetara iristen direlarik filma bukatu egiten da.
Aukeratzen hasita, ezin sar daiteke inor egokiago izarren munduan.
