1965 Deba

Folklorea, azal eder hori

Iñaki Iriondok zuzentzen duen Oargi taldeak antolaturik, Euskal Jai ikusgarria ospatu da Deban maiatzaren 16an. Txistulari aldizkariak esatera, 180 autobus bertaratu dira, 1.400 automobil, geltokiko nasetan milaka lagun egotzi dituzten bost tren berezi, berrogeita hamar bat mila gizon-emakume guztira.

Goiz-goizetik eguzkiak gozatu dituen kaleetan, txistulariak ibili dira gora eta behera, meza izan da hamaiketan (Zumardian izatekoa zena baina gotzainaren baimen faltan Santa Krutz baselizan eman dena), abesbatzak eta dantza taldeak herriko ezein txokotan eguerdi aldean, agintariak ere bildu dituen bazkari ofiziala, trikitilariak, pilota partiduak, bertsolariak... Arratsaldean, dantza talde guztiak aritu dira elkarrekin. Hogeita bi, Euskal Herri guztitik etorriak. Txistulariak jo eta bertan bildutakoek bihotza ahoan abestu duten "Gernikako arbola" eta "Agur Jaunak" doinuekin eman zaio amaiera egunari. Ez da esaten, baina bada zerbaiten susmoa. Ez da folklore erakustaldi hutsa izan Debakoa.

Dantza taldeak, zeharo ugaldu dira azken urteetan. Donostiako Goizaldi-ri, Bilboko Dindirri-ri, Iruñeko Duguna-ri, Gasteizko Txirinbil-i eta Miarritzeko Oldarra-ri beste hamaika gehitu zaizkie han eta hemen. Elkar ezagutze urteak izan dira azken hauek, inbestigazio garaia da. Euskal dantzak ez dira inon ikasten, batera eta bestera ibili beharra dago dagoena jasotzeko: Oñati Korputz egunez, Luzaide, Zuberoako maskaradak, Berrizko ezpata-dantza... mundu oso bat da bildu eta taula gainera eraman behar dena. Hala sortu da kasik herri bakoitzean dantza talde bat. Erakustaldiak gero eta gehiago dira. Egitura ofizial bat ere eman zaio denak bildu nahi dituen elkarteari. Iazko martxoaren hamarrean agertu da Frantziako buletin ofizialean Eskual Dantzarien Biltzarraren onarpena, Francoren Espainian ezin eta Bidasoaz iparraldean ofizialdu behar izan dena.

Horren guztiaren emaitza izan da Rikardo Arregi hunkitua kronika egitera behartu duen gaurko Debako Euskal Jaia:

Zer pentsatzen dutan gaurko egunaz? Lenengoz erri baten responsabilidadea azaldu dela. Zahar eta gazteen responsabilidadea. Alaitu ta jolastu gera baiñan eskandalorik eman gabe. Bigarrengoz debatarren eta batez ere Deba'ko Oargitarren lan izugarria eta lan ixilla.

Folklore erakustaldiak ordea, planteatzen dizkio beste galdera batzuk ere:

Azkenik folklorea aztertu dezagun. Eta an ikusten zena aztertu dezadan. Ez dezagula pentsatu folklorearekin bukatzen direla gure izeara guztiak. An garbi ikusten zen folklorea bide bat besterik ez zela erri batek bere bizitza adierazteko. Ugari ikusi baidugu Euskalerria gaur Deba'n. Oraindikan euskal-dun masak ugariak gera. Baiñan ez dezatela uste folklore egun batean parte artzen dugulako museokoak izateko prest gaudenik. Ez. Folklore utsa, besterik gabe, museo antzeko zerbait besterik ez bai litzake.

Rikardo Arregik, Ramon Saizarbitoriak bezalaxe, hizkuntzan du kezka. Gibelgogorik gabe, folklorea izaera baten azala baino ez dela abisatzen ari dira, ikusgarria bezain hutsa, gabezia askoren estalgarri izan daitekeena.

Gure Mendea