1963 Agiñeta

Quosque Tandem, Oteiza?

Menturaz Isturitzen bizi izan zen, edo Santimamiñen, edo nork daki, Urtiagako sabel epelean. Menturaz hormetan basahuntzak margotzen itxaroten zion ilunabarrei, edo bisonteak, edo zaldiak, eta ahantzirik du. Menturaz gogoan darabilen mundu estetikoa milaka urtera berriro piztuko dela egin du amets harrespilaren erdian lur eman diotenean, eta Isturitzeko, Santimamiñeko, Urtiagako egia gizarte galdu bati erakutsiko dion artista dela izan du azken gogoeta.

"Quosque Tandem" argitara emanda, Euskal Pizkunde bakarra Euskal Historiaurrearen Pizkundea dela aldarrikatu du Jorge Oteizak lau haizetara. Historiaurrera itzultzea forma estetikoak nagusi diren gizartera itzultzea da, eta arte esperimentala da horretarako bide bakarra.

Artea bera, hau da, eskulturaren bidez formak sortzea, "Kutxa Metafisikoak" seriearekin agortu da. Orain teorizazioari dagokio ekintza artistikoaren lekua ordezkatzea. Atzera behatzera, burokrazia frankistak Espainiaren irudia kanpoaldean hobetzeko erabili zuenekoak ditu obrarik begitangoenak: "Monumento a Aita Donostia", "Conjunto de estatuas de Aránzazu" eta "Retrato de un gudari llamado Odiseo".


"Mujer sentada". 1949.

Eta Isturitzeko artistak euskalduna eta modernoa batera izatea badagoela dio aho betean. Euskalduna izatea mundua ikusteko era bat baita.

Y ésta es la finalidad que persigo en este ensayo como indagación del estilo vasco, de su proceso original y, como consecuencia histórica de nuestro peculiar tratamiento de los hechos de nuestra vida, en todos los órdenes de nuestra existencia cotidiana y popular (en los que se oculta y en los que debemos desocultar), en nuestras inclinaciones espirituales y hasta en la participación y tratamiento de ajenos estilos y acontecimientos de nuestra peculiar manera de pensar y tratar.

Euskal esentzia bat badela, ez da ezer berria abertzaletasunaren historian. Hori izan du muina. Aranaren garaitik hasita, arrazaren gainean eraiki den etxea izan da orain arte. Oteizarentzat, oinarri kulturaletik ulertu behar da euskaldunaren identitate bereizia. Estetika da bestelako egiten gaituena, eta honetan bi dira zutabe nagusiak: neolito garaiko harrespil hutsa eta hizkuntza, euskara. Hizkuntza berreskuratzea gizakiaren bete-beteko izaera berreskuratzea da, honen buru egitura.

Kaleratu eta behingoan agortu da "Quosque Tandem"-en lehen edizioa. Eztabaida liburu gertatu da hizpidera atera izan den toki orotan, eta ez baieztapenengatik, oso garbi ulertzen ez diren adibideengatik baizik. Oteizarentzat, Zuloaga eibartarra ez da euskal margolaria, Velázquez gaztelarra bai; Unamuno ez da euskal idazle bat, Baroja bai; Loiolako Inazio ez da euskal santu bat... Bekaiztu zaizkio, noski. Euskal dioenean mundua interpretatzeko era estetikoaz ari da, ez hizkuntzaz. Hizkuntzaz ari delarik Larramendi, Astarloa eta Poza lizentziatuaren teorietara arrimatzen da. Apologismoaren irribarrea sortarazten du, Urtiagako leize-zulotik XVIII. mendeko eztabaidetara egiten du jauzi. Larramendik bezalaxe, badirudi Padre Mariana lotsagabe bat duela aurrean. Bat baino gehiago gorritu du euskarari buruz gogoeta egiten hasi denean. Batera eta bestera geziak legez dabiltzan hitzen erdian, bada zientifikotasun falta egotzi dionik.

Eta Isturitzeko margolariak bera ez dela zientifikoa dio, bera estetikaz ari dela, eta posible dela euskaraz jakin gabe euskaraz hitz egitea argitzen du haserre, berari gertatzen zaion bezala.

Gure Mendea