1961 Kanbo

Labegerie, miriku kantaria

Egunez eriak osatzen dituen pneumofisiologoak gitarra bere zorrotik atera eta euskal kanta gozoak ontzen ditu ilunabarrean. Loretxo politak dira Mixel Labegerieren aireak. Ekaia duela diote lagunek.

Gaituzte ezkontarazi,
maite ninduzula hain guti;
ezkontarazi gaituzte
ez zintudalarik maite.

Drama pertsonala kantu biluzi batera ekartzeko kuraia izan duena ez da penetan itotzeko sortu baina. Bortxazko ezkontza eta ume hilaren ondoan katuekin jolasten du Kanboko mirikuak. "Gatua Pitxitxi" Euskal Herriko mixinorik ezagunena bilakatu du. Aberastasuna erakusten du gaien aldetik, kantu dostaritik Euskal Herriko gazteri berriaren bizinahira, Ipar zein Hego asaldatuko duen mundu oso bat da disko txiki batera ekarri duena. "Bakearen Urtxoa", "Gu gira Euskadiko, "Aita zer egin duzu", "Dilin Dalan", "Haurtxo Haurtxoa", "Gure astoa Balaam", "Gure gatua Pitxitxi", "Primaderako liliak"... zortzi kantu besterik ez dira Ximun Haranek magnetofoian grabatu dizkionak, baina nahikoak askoren gogo lotaratuak iratzartzeko.

Etxetik datorkio musikarako joera soilik bazkarietan-eta kantatzen ez duen miriku kantariari. Piano-jolea zuen ama, Iparraldeko lehen txistularia aita. Orain Brassens entzuten du Eneko semeari gitarra jotzen erakusten dion bitartean...

Bihotza hotzez kaskaran
nago geroaren menturan
etor bedi primadera
kanpoak diten berriz lora.

Gizon ezaguna zen diskoa atera aurretik ere. Olerkari moduan, adiskide min zuen Oxobiren hilobiaren aurrean irakurtzen gogoratzen du askok oraino ere. Eskualtzaleen Biltzarreko lehendakaria da, Gure Herria-n idatzi izan du... Politiko legez aldiz, iazko hauteskundeetan boza eman dioten anitz ditu samurturik diputatu postua atera eta Centre Démocrate-n sartu delako. Labegeriek Euskal Herria taldean hobeto defendatuko duela dionean, Jakes Abeberri eta Ximun Haranekin Enbata sortu zuen Labegerieri eman diotela botoa erantzuten diote abertzaleek, ez frantximant saldu bati.

Atsegina bezain jenioko, bere kantuak adina kolore ditu euskal kantagintza hankaz gora jarri duen Labegerieren izaerak. Berak nahi gabe bada ere, bere ahotsak eta gitarraren biluztasunak frankismoaren kontrako panfletorik gogorrenaren zama du. Gaur ere, hegoalderako bidea hartuko du baten batek, azalean ikurrina duten Labegerieren disko txikiak atzeko aulki barnean ezkutuan dituela.

Gure Mendea