1958
Donostia
Etorkinak eta Euskal Herria
"Todos los caminos llevan a Vizcaya" izenburupean emigrazioari buruzko artikulu batzuk argitaratu ditu Carlos Barrena kazetariak Bilboko El Correo Español egunkarian. Hauetan, Euskal Herrira lanera datozen etorkinek jasaten dituzten erdeinuzko izenak baztertu eta merezi duten begirunerako deia egiten du Barrena jaunak. Artikuluok eman diote bide Illunbe-ri Zeruko Argia-n etorkinak euskalduntzeko benetako botera eragile baten faltan, errukiaz eta euskaraz gogoeta egiteko.
Illero-illero 600 bat sartzen dirala Bilbo'ra —dio Barrena jaunak—. Extremadura, Andaluzia, Jaen... geiena ematen dituztenak. Lengo urtean 1957'an 4.089 sartu omen ziran. Euskalerrian'n ez degu era bat berri kanpotarrak sartze au. Gizaldi onen asieran ere lantegi askok kanpoko langillea etxekoa baño merkeagoa zala-ta kanpotarrak naiago zituzten. Ez gaitezen alperrik nekatu. Zenbakiak itz egingo digute ederki.
1910'gn. urtean 13.000 langille omen zebiltzan mina lanetan eta guzti oietatik euskaldunak 3.000'tik gora etzirala diote. 1932'an berriz, 4.500 langille eta 315 euskaldun bakarrik. Meategiak beraka ta erreka bazterrak goraka. Orixe ber-bera zan gertatzen ari zana. Bereala Bilbo'ko erreka ertz guztia lantegiz bete zan. Bizkai'ko industri geiena antxe dago bildua. Ango burni otsa ta kea. Eta jakiña, gose dan gizonak norabaitera jo bear.
Ori dala-ta, berealdiko kanpotar saillak etorri ziran Euskalerri'ren gañe-gañera. Barruraño, ezurretaraño, sartuko zitzaizkion ur otza zan ura. Begira: 1887'an Sestao'n, langilleen artean 1.096 bizkaitar eta 1.999 kanpotar ziran; Barakado'n 2.593 etxeko eta 1.988 kanpoko; San Salvador del Valle'n 898 bizkaitar eta 1.988 kanpoko; Santurce'n 1.514 bizkaitar eta 1.429 kanpoko; Portugalete'n 894 bizkaitar eta 668 kanpoko; Bilbo'n 12.981 bizkaitar eta 9.776 kanpoko. (...)
1875-1935 urteen bitartean Bizkai'ko mina ta lantegietako langilleak 436 % (euneko lareun eta ogeta hamasei) proportzio ontan ugaritu ziran. Onela, 1857'an Barakaldo'k 384 bizi-lagun ortxe-antxe zituan, eta 1930'ean 30.000ekin ikusten degu. Bilbo'ko erria berriz, (erreka ertzekoekin) 1857'tik 1932'era 20.000 bizi-lagunetik 220.000 iritxi zan.(...)
Denok batean esateko prest egongo gera, elbiak eztiarengana bezela kanpokoak Euskalerri'ra etorri dirala... Zenbat? Or koxka. (...)
Gipuzkoa'n lana zabaldua dago oso. Ez da Bizkai'n bezela gertatzen; emen, geientxoena toki batean pillatuta dago. Bilbo'k erreka ertzean. Gipuzkoa'k berriz, ez. Hamaika ikusi oi ditugu baserri ta pabrika lana batera daramatenak. Gipuzkoa'n sartu dan jende berria Bizkai'n baño gutxixeago izan bada ere, naikoa bai bere txikirako.
Gipuzkoa'n 1887'ko 181.530 biztanleak 1932'rako 304.126etara altxa ziran. 1950'ko zensoak 88.883 kanpoan jaiotako numeroa eman zuen. (...) Begira, irakurle, joandako ogeitazortzi (1930-1957) urteen tartean Gipuzkoa'ko uri batzuek egindako aunditzea: Pasaia 6.391'tatik 14.161'etara etorri da; Eibar 12.894'tik 24.368'etara; Urretxua 1.718'tik 3704'era, Zumarraga 2.429'tik 4.488ra; Legazpi 1.913'tik 5.120'ra (...).
1950'ean Araba'n 23'2 % (eunetik ogeitairu birekin) ziran kanpoan jaiotakoak.(...) Pirineo onuzko euskal lurraldean, Naparro izan da pake aundienean bizi izan dana. Kanpoko jende gutxiena artu duena, alegia. 1950'ean 11'9 % (euneko hamaika bederatzikin) ziran Naparroa'n jaiogabeak. Urte ortan bertan 41.231 bizi ziran Iruña'n bertako etziranak. Oietatik 67'9 (euneko irurogeta zazpi bederatzirekin) beste bazterretatik etorritako naparrak ziran; 29'6 % (euneko ogeta bederatzi seiekin) Españi aldetik etorriak. (...)
Gogoratzen al dezu, irakurle, Carlos Barrena jaunak emandako konsejua? Orixe egin bear degu ba. Jaunari, alkar maitasunari ta erriari begira. Bai, imigrazio au ondo artu bear degu; al dan guztian beintzat. Jaunari begira, ikusi ditzagun, gizonaren eskubideak: Gizonak erri bat utzi ta bizitzeko beste bat aukeratu dezake. Bi arrazoi ekarriko ditugu:
Aske delako: Jaunak berak askatasuna eman bai-dio.
Bizitzeko eskubidea daukalako: Nork ukatu bizitzeko eskubidea. Ta bizitzeko lana egin bear; Jaunak ori agindu zigun. Beraz, nun edo an lana billatu bear. Eta onek berekaxa dakar inmigrazioa.(...)
Jaunari, alkar maitasunari, erriari begira dezaiogun. Gizaixo oiek ondo artu bear ditugu. Beren errian jateko aña ez badute, zer egingo dute, ba? Maite ditzagun. Aldendu erabat guregandik "koreano", "mono" ta olako itz guztiak. Eman lasai gure itza ta laguntasuna. Itz batean "guretu" egin bear ditugu. Euskaldunak beren alde ateratzen gerala ikustean, beraiek pozik gureganatu, pozik euskaldun berri biurtuko dira.
Ea bada euskaldun! Zintzo jokatu!.

Etorkinak Irungo tren-geltokian.