1956 Miarritze

Non argitaratu

Frankismoaren argitalpen bahe estuak ez du zulorik, edo bakarra du, handia eta beltza. Isiltasunari ihes egiteko, euskal idazleak bi agerkari baizik ez ditu bere lanak argitara eman diezazkioten. Bata Euskal Herrian, Donostian dago 1948tik. Hala da, Real Sociedad Vascongada de Amigos del País-ek aldizkari moduan ateratzen duen Egan-ek badu txoko bat sormenarentzat. Bestea ozeanoaren bestaldean eduki du. Guatemalan zabaldu zuen Jokin Zaitegik hara erbesteratu zelarik Euzko Gogoa.

Egan-ekiko beti egon da aieru hedatu bat. Aldizkaria zuzentzen duen hirukoteak ematen du zer pentsatua, ematen du horretarako eta gehiagorako bide. Koldo Mitxelena eta Aingeru Irigarai abertzale ezagunak badira ere (Mitxelena heriotza-zigorerra kondenatua ere egon da), ezin gauza bertsua esan Antonio Arruegatik. "Asteasuko Beltza" Gipuzkoan karlismoak duen bururik ezagunenetakoa da. Bere esku daude frankismoaren argitalpen baheak euskal letrei dagokionean bederik.

Zaitegirekin bestela dira gauzak. Badu iragan ezagun bat euskal literaturan. Aitzolek gerra aurrean antolatu ohi zituen "Euskal Olerti Egun" haietako izenik ezagunenetakoa egin zen, irabazle izan zen 1934an Zarautzen. Orain, Guatemalako bulegoa itxi eta Euzko Gogoa-ren erredakzioa Ipar Euskal Herrira, Miarritzera ekartzeko deliberoa hartu duelarik, bada bazter guztiak hartzen dituen susmo bat. Deus ez da berdin izanen.

Gauzak aldatzen hasixeak dira posibilismoaren eta erresistentziaren arteko joko honetan. Diktadura Euskal Herrian (baina batez ere Gipuzkoan) euskarari ematen ari zaion arraila doi bat zabaltzen hasia da azken bizpahiru urteotan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskal Filologiako Julio Urkijo Mintegia sortu du euskararen azterketa eta erabilera literarioa bultzatzeko. Aita Santi Onaindiak "Milla Euskal Olerki Eder" argitaratzea erdietsi du, orain arte egin den poesia antologiarik osatuena. Jose Antonio Loidik "Hamabost egun Urgainen" plazaratu du, lehen euskal nobela poliziakoa. Bestalde, Egan-ek aurrea hartu dio moderniaren bidean Euzko Gogoa-ri: Gurutz Ansola zine eta antzerki kritikak idazten hasia da berriki. Legedi itogarriaren muga barruan, zerbait egin daitekeelako ustea gero eta handiagoa da.

Zaitegik sei urte luze egin ditu Guatemala Hiriko Zazpigarren Abenidako bulegoan. Bi hilabetero argitaratu ahal izan ditu Landibar inprimategian gero Euskal Herrira helduko diren ale bakanak. Denbora honetan, Orixe eta Andima Ibiñagabeitiaren laguntzaz, hirurogeita hamar idazle gazte batzea erdietsi du. Euzko Gogoa-n eman zaie argitaratzeko lehen aukera orain batzuk "Guatemalako Belaunaldia" deitu gogo duten honi: Txillardegi, Juan San Martin, Jon Etxaide, Federiko Krutwig, Gabriel Aresti, Txomin Peillen, Jon Mirande...

Orain, Guatemala inoiz zapaldu gabeko Guatemalakoek Miarritzeko aldizkaria uzten hasi eta Egan-en kolaboratzen hasten direla, elkarren ezagutza handiagoa ere egin dute. Abertzaleak daude, komunistak, sozialistak, faxistak... Desberdintasun ideologikoak bereizten ditu. Asko bigarren hizkuntzaren hautua egin izanak, euskaldunberri izateak batzen ditu.

Gure Mendea