1954
Arantzazu

Apostoluak bide bazterrean
- Txarriak dozak barren!
- Txarriak laberako gertu!
Jorge Oteizak Kolonbiako indigenen taxuz zizelkatzen du Aloñako kare-harriaren bihotza. Gizonari biluztasuna ematea ezinbestekoa zaiola dio, horra barne indarraren agerpena.
«Abiertos en canal... repitiéndonos que están vacíos, que han puesto su corazón en los demás, que ese sacrificio es su santidad común y su verdadera y cristiana identidad».
Husten, husten, apostoluen barren beltzek erlijiotasun iraingarria uzten dute agerian.
- Zelan hamalau?
- Hamabi zituan! Hamabi Judas traidorearekin!
Egoki zenbatzen ikasi nahi ez duen eskultoreak irribarre tristea egiten du. Saenz de Oiza-ren dorreari beha jabetu da prentsaren indar alimalekoaz. Egunkarietan Arantzazun lanean ari diren artisten kontrako kanpainak frantziskotarren sektorerik kontserbadoreena konbentzitu du azkenik. Erasoak eramangaitzak egin dira.
Arte Sakrorako Batzorde Pontifizio Nagusiak aberrazio berberarekin definitu du Oteizaren proiektua. Vatikanoak Espainian duen nuntzioak, Ildebrando Antoniutti-k, Erromaren negozio arduradun legez frankismoaren konfidantza irabazia zuen monsinoreak, nahiago du profanazioa esan aho betean.
Donostiako Unidad egunkarian J. Arramale-ren ezizenpean gorde den Vicente Cobreros Uranga margolariak egindako kritikak garbiak dira: «(Los proyectos presentados) eran demasiado abstractos y no correspondían en absoluto al espíritu tradicional de la religiosidad vasca». Gainera, Ibarrolak egunkari berean "Yo expositor de los bocetos de Aránzazu" izeneko artikuluan emandako erantzunak biluzik utzi ditu iritzi publikoaren aitzinean: «Señor Crítico, yo no creo en Dios. Sin embargo, quisiera pintar en Aránzazu para que crea en los hombres».
Ibarrolaren ateismoaren aitorpenak sortutako susmoei Arantzazu berrian federik handiena zuen Aita Leteren heriotza emendatu zaio. Hegazkin istripu malapartatu batean hil da proiektuaren sustatzaile nagusi zena. Horrela, babesik gabe, eta Adan eta Ebaren biluztasunak gorrituta, Basterretxea kriptarako egiten ari den freskoa estaltzen da, hamaika mural, 400 metro koadro ausart.
Bilbon, Atxuriko Arte eta Ofizioetako Eskola zaharrean, Lanbide Eskola muntatu behar zen aitzakiarekin, oro har muralismo mexikarrak, baina batez ere David Alfonso Siqueiros-ek eraginda Ibarrola gaztea margotzen ari zen horma-irudi multzoa hautsita agertzen da. Ehun koadrotik gora dira nahitarat hondatu direnak. Hasiera batean onartu ziren proiektuetatik, Txillidak elizako sarrerarako pentsatu zituen burdinazko ateak besterik ez dira burutzen.
Frisotik garabiz erauziak, Oteizaren apostoluak bide bazterrean uzten dira, barren hutsak euriz, orbel gorriz eta denboraz bete dakizkien.