1950
Zarautz
Euskaldunak
Hamalau urte beranduago dator euskal irakurlearekin duen hitzordura "Euskaldunak", Orixeren epopeia handia. Inprimategirako prest zegoen gerra ate aurrean lehertu eta edizioa bertan behera utzi behar izan zenean. Harrezkero, batera eta bestera ibili da izkribua, galdu ere egin da ia. Azkenean, idazlearen lagun batzuek bildu dituzte jatorrizko testuak eta Zarauzko Unzurrunzagaren eskuetan jarri argitara eman ditzan. Ez da, dena den, argitaratzen den lehen aldia. 1941ean zatika emana zuen Txileko Santiago-n Batasuna aldizkariak.
Euskaltzaleak elkarteak bultzatuta ekin behar izan zion lanari Nikolas Ormaetxea, Orixek. Bilbon, Euzkadi-ko "Euskal Orria"-ren ardura zeraman 1931n euskaldunon poema nazionala izan behar zuena egiteko agindua hartu zuenean. Azaroan utzi zuen «Jainkoaren bideak autatuak» Bilboko lana Orexara, «munduaren azken ipurdira» joateko.
Gogortzene baserrira itzultzea haurtzarora itzultzea da, eta badoan mundu baten azken itzalak batzea izan du langintza. Obrak, ordura arte beste inork ez bezala, proiekzio nazionala duela aldarrikatzen da publikoki. 1932ko martxoan, Lizardik Donostia Irratian emandako irratsaio batean Orixeren diru-sarirako eskaria egin zuen. Eskariarekin batera, burutzen ari zen lanaren ardatzak zein ziren azaldu zituen: "larreko zaina eta klasikotasun jantzia". Bi osagai hauen arteko uztarketatik sortuko zen Euskal Herriak behar zuen obra nagusia, herria loerotik iratzarriko zuen liburua.

Epopeia aurrera ateratzeko, Orreagako gatazka izan du gogoan hasieran, baina utzi egin du, ez zaio erraza egiten errealitatea eta sinesgarritasuna ematea historiari. Bazter utzi ditu Karlomagno, Roldan, Hamabi Pareak eta hauek zapuztu zituzten euskaldun anonimo haiek. "Os Lusiadas"-eko Camoes-i kendu dio herriari kantatzeko adorea, "Mireio"-ren Mistral-i maitasun istorioaren ideia. Hala sortu du Garazi eta Mikelen artekoa. Baina maitasun baten kontaketa baino beste zerbait da "Euskaldunak". Garazi eta Mikel desagertzen ari den Euskal Herria erakusteko aitzakia baino ez dira, estanpa folklorikoei bide ematen dieten aktoreak. Industrializazioan sartu ez den mundua da Orixek dakarrena. Euskal Herriaren portreta sesgatu bat da inoiz zoriontsu izan zela sinestu nahi duen herriarentzat.
Nolanahi ere, liburu berezia da "Euskaldunak". Badu jolas polit bat egina denborarekin. 1950ean Itxaropenak kaleratu duen "Euskaldunak"-ek hamabost urte lehenagotik, 1935etik du itxaroten iruzkina, Justo Mokoroa Ibar-ek Tolosan argitara eman zuen "Genio y Lengua"-n laudorioz egin dion artikulu luzea.