1948 Uztaritze

Eugene Goihenetxe etxera itzuli da

1944ko ekainean, aliatuak Parisen sartu direlarik, Eskualduna astekariak ateak giltzatu ditu. Irabazleen historia egiten hasteko garaia da, alemanekin eta Vichy-ko gobernuarekin kolaboratu dutenak argitara atera eta salatzekoa. Eta alde horretatik, zail du Baionako kazetak. 1937tik zuzendari izan duen Salvat Arotzarena behin eta berriro agertu da Petain-en alde. Lurra, tradizioa eta familiaren sostengu izan den astekaritik gogor agertu izan da Front Populaire-ren aitzi. Aurreko zuzendariak, Domingo Soubelet hazpandarrak, gorazarrezko biografia ere egin dio gerla gorrienean egon denean Vichyko gobernuburuari. Ezkerreko indarren aurkako gurutzadan, Eskualduna-ko kalonjeak ez dira bakarrik egon: Akizeko apezpiku euskalduna den Mgr. Mathieu-ren letraz hasten da Soubelet-en "Petain Marexala".


Naziak Sokoan.

Alemanak erretiratu eta batera hasi dira kolaboratzaileen aurkako epaiketak. Behin-behineko gobernuaren menpe osatutako tribunaletan epaitu dira colaboak. Hilabete gutxiren buruan, 160.000 salaketa aztertu dira Frantzia guztian. Askok erbestera ihes egin du. Beste askori heriotza-zigorra eman zaio. Aintzina eta Eskualdun Gazteen Batasuna taldeetako Eugene Goihenetxe militante abertzalea eseri dutenean salatuen aulkian, lurra asaldatu egin da euskaltzaletasunaren oinpean.

Aitzolen eskutik EAJn afiliatua 1932tik, Parisen ezarri zen Eusko Jaurlaritzarentzat lan asko egina da Eugene Goihenetxe, propaganda arloan batez ere. 1941ean, SSetako Werner Best eta Karl Bouda filologoaren bidez lortu dute alemanek Goihenetxerekin hartu-emanetan jartzea. Pertsona egokia izan da Bouda lan horretarako. Hizkuntza kaukasiarren eta euskara irakasle izana da Berlin eta Erlang-eko unibertsitateetan. Gerla hasi aurretik zuen ezaguna Uztaritzeko historia irakasle gazteak.

Paueko epailearen aitzinean, Goihenetxek kontaktuak manten-tzeko arrazoiak argitzen ditu. Alemanak garaile aterako zirela uste zuela dio bere defentsan. Goihenetxek ez ditu euskaldunak berriro ere galtzaile ikusi nahi izan. Zernahi gisaz, alemanekin izaniko hartu-emanek hegoaldeko iheslari askoren bizitzak salbatzeko balio izan dutela aitortu du, EBBko lehendakari den Ziaurriz-ena tarteko. Gainera, erantsi dio bere aitorpenari, naziak konbentzitu ditu ez dezaten muga herrietan deportaziorik egin.

Epaitegian ispiluen jolasa bete egiten da. Alemanen aitzi borrokaturiko erresistentziako kideak izan ditu defendatzaile. Chevigné-k eta Lafitte-k, besteak beste, lan eskerga egin dute hiltzera kondena ez dezaten. Lorpen handia izan da hasierako bizitza guztirako lan behartuen zigorra hamar urtera jaistea. Lafittek ez du etsi ordea. Epaiaren berrikusketetan, bost urtera murriztu zaio kondena hasieran, laura gero. Dordogne-n eta Alsaziako Struthof-en egon da gatibu. Azkenik, 1947ko azaroan, Gironde-n bizitzeko eskumena erdietsita, baldintzapeko askatasunean utzi dute libre.

Otsailean, sorterrira itzuli da Eugene Goihenetxe irakaslea. Karrika artean dabilela, Uztaritzen ez dela atera zeneko hartarik deus ohartu da. Frantziak gerra irabazi du, baina inon ez da Gerla Handiak utzi zuen harrotasunik kausitzen. Eta horrela, bihotz belztua arindu ezinik, garaile agertzen direnen artean zenbat Eugene Goihenetxe dagoen galdetu dio bere buruari, susmo beltz horrekin hartu du etxerako bidea.

Gure Mendea