1948 Gurs

Preso egon denaren gogoa

Ospitalepiatik, Zuberoatik bertan dago Gurs, Biarno hegoaldeko ateak zaintzen. Nekazal herri txikia da, baina Donibane-Lohizune edota Miarritze baino biztanle gehiago izan du 1945eko Urte Zahar egunera arte, Espainiako gerratik heldu diren iheslarien biltze eremu izan den bitartean. Gerra iheslariak eta juduak batuta, 60.000 lagunetik gora egon da burdin hari eta hesola artean gatibu, ez baterako ez besterako, sei mila bat euskal herritar tartean.

39ko apirilean Eki Pirinioetako departamendutik, Argelès-sur-Mer eremuko Gernika Barri-tik ekarri dituztenak izan ditu aurreneko apopilo. Beste asko, Vichyko gobernuak 40ko maiatzean Iparralde guztian egindako sarekadan ehizatu dituzte. Zelaian, bizi baldintzak ezin latzagoak dira, osasun arazoak, handiak. 1940-1941eko neguan 800 atxilotu hil dira sukar tifoideoak eta disenteriak direla-eta. Orotara, 1187 gatibu Gursen geratu da betirako.

Gurs-eko eremua zer izan den, Louis Aragon poeta frantziarra saiatu da definizio bat ematen: ĞDoinu arrotza da Gurs, eztarrian trabaturiko oihumina bezalakoağ.

 

Jaurlaritzan Gobernazio ministro izan den Telesforo Monzonen ardura izan da euskal gatibuak antolatu eta hauen alde egin daitekeena egitea. Iñaki Azpiazu azpeitiar kapilauak lagundu dio burukide batzuk Venezuelarantz ateratzen. Gerra amaitu eta urteetara, Monzonen gogoa Gursera itzuli da berriro. Lapurdin argitara eman duen "Gudarien Egiñak" poema bilduman (1947) zigor zelaira itzuli behar izan du iraganaren kronika bertsoz emateko:

Euskaldunak arantzetan
zaindariak inguruetan.
aldaretxo bat xuriz yantzita
Gurs´ko zelaietan

Ez da bakarra. Gursek itzal beltza utzia du han bilduta eduki dituztenen artean, bilatzen hasita badira beste tonu bateko testuak ere. Eguneroko bizitzak aukera handiak ematen ditu ironiarako:

IDORRERIA
Kanta behar dut dakizun nekhea
holako nekherik, nehun ba dea?
batak egiten omen du chichtor gogorra,
bertzeak ur mehea?
Hirugarren batek haren zorthea!

Erditzen du erditzen du haizea!

Orixerena da, eta umorezko kronikaz gain egoera lazgarriari bide egin dioten euskaldunen salaketa ere izan nahi du:

Bigarrenez noa kabinetera
chanza hobearen entseiatzera.
Ez banu sekula santan nik ezagutu
Uharteko jaun mera!
Donibanetik uda pasatzera
igorri nau "Gursera".

Jean Ibarnegarai du gogoan Orixek, Uharteko traidore beltza. Pilotari ezaguna, diputatu 1914tik, jeltzaleek Iparraldean izan duten ordezkarietarik bat izan da. Gero, Francoren garaipenak eta nazismoaren gorakadak Petain-en Gobernura eraman dute. Familia eta Gazteria ministro izan da Vichy-n. Orain aiher zaio Hegoaldetik datorren orori, berea izan da euskaldunak Gursen biltzeko ideia. Eta Orixek ez dauka ahazteko. Nazien porrotaren ostean hilotz politikoa den Ibarnegarai xuria egurtzeko itzuli da Gursera 1948an:

Etsaigoa behar ba dut ahantzi
Othoi, Jauna, enetzat induljentzi!
Ez beita sobera gogor jaun horrentzat nik
gorde dudan sententzi.
Jana egin eta naizela jantzi


"Ibarneri Ibarneri goraintzi".

Gure Mendea