1946 Buenos Aires

Joañixio urrundik

Joañixio urrun dabil irabazle izatetik. Amezketatik behartuta atera den ez-heroe bat da Pampa zabalean, han non maitasunerako zelaiak baino, bakardadea mamitzeko ordeka amaigabeak besterik ez dauden. Etarte sortetxeko atariko intxaurrondotik lekutua, herriminak betirako mankatu duen artzaina da Joañixio. Ardi zakurrari bidea erakusten dion makilari oratzeko eran baino ez du antzik Urbiako zelaietan egurasten den Joanesekin, Txomin Agirrek euskaldun garbien jagole aldarrikatu zuen ura zan gizona, ura! harekin. Hasteko, geografiak egiten ditu desberdin: «Pampan dena belarra ez zan: tarteka tarteka lur txarrak ere baziran osiña bezelakoa baino askoz gogorragoko belar bat ematen zuen lur zurik».

Lerroz lerro, orriz orri, emigrazioaren ezpal bikainetarik egiten da Joañixio. Triste, itun, gizonegi agertzen da. Erbestea pisu da. Sortzen ikusi zuen herria du ments beste ezer baino. Eta ez bateko ez besteko, badaki etxera jotzea ez dela zoriontasunera itzultzea.

Bi urte dira ia Jon Andoni Irazustak liburua Puerto Rico-n amaitu duenetik. Gerrak erauzia, Panaman eta Kolonbiatik igaroa da. Legegizon Tolosan, Argia aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen Anbrosio Zatarainen administradore izan da erbestean. Kontsulatuan ezagutu ditu bisa eske joan zaizkion euskal iheslari asko. Hegoalderago, Buenos Aires-en, Peru karrikako 175 zenbakian den Ekin argitaletxean amaitu du bere bidea "Joañixio"-ren eskuizkribuak, gerra hasi zenetik argitara ematen den lehen euskal eleberriak.

Poesiak hilabeteak dira aurre hartua diola nobelari literatura ostera ere abian jartzeko lasterketan. Artemein da Mexikotik Euskal Herrirako bidean "Urrundik", Telesforo Monzonen olerki bilduma. Mardula, azal ederreko, Juan Aranoaren estanpek bestelako jantzi bat ematen diote liburuari. Nostalgiak merezi zuen edizio zaindu bat.

Paristik Flandriara, Senegaldik Marokon barrena heldu da azkenik Monzon Lázaro Cárdenasek modernitatearen bidean jarria duen Mexikora. Hamaika hilabeteko ibili zailaren ondoren azkenik beso zabalik hartu dituen lurraldean, —«Ameriketan, euskotarrik ez arrotz»—, Alsina baporeko kareletik beha zela hasitako lana burutzen eman ditu gauak Agirreren ministro poetak. Egin dituen olerkietarik asko kantatzeko sortuak dira, horregatik eman gogo ditu partitura eta guzti. Kantuak kantuz hil direnentzat. Atzean utzitako lurraren oroimenak lagundu dio ibilian, galtzaileen epikotasunak erre du.

Baina herriminak ez ezik, gerra osteko lehen literatur lan hauek, "Joañixio"-k eta "Urrundik"-ek, badute biek elkarrengana batzen dituen beste ezaugarri nabarmen bat ere. Irazusta eta Monzon, biak izan dira Euzko Alderdi Jeltza-leko diputatu Gipuzkoatik Madrileko legebiltzarrean Errepublika garaian.

Politika da, literaturaren samurta-sunaren indarraz ohartu dena.

Gure Mendea