1942
Donostia

Elbira Zipitria ikasle eta
gurasoez inguratuta.
Andereño
Donibane-Lohizunetik itzuli orduko ekin dio ondoen egiten dakienari Elbiria Zipitriak. Donostian, ezkutuan eta ikasle gutxi batzuekin hasi da eskolak ematen. Iparraldean egon denean ere ibili da Antonio Maria Labaien idazlearen etxean. Prefetenea-n bizi izan da, eta han izan ditu ikasle honen seme biak, Mattin eta Ramon. Ez da irakaskuntza aise ahazten den zerbait, igeri egitea edo bizikletaz ibiltzea bezalaxe da, nahita ere galtzen ez den arte zaila.
Migel Muñoaren proiektuan ibilia zen gerra aurrean. Ikatz kaleko gela haietan. Haur hezkuntzaren ardura zeraman, 70 ikasletik gora guztira. Muñoarenean ez zen hasieratik, naski. Zortzi urteko neska koskorra zen artean Muñoak, txekiarrek alemaneraren nagusi-tasunaren aurrean antolaturiko eskolen, "Matitse Skolska" haien irudira 1914an sortu zuen gela biko lehen ikastola hura martxan jarri zuenean, Koruko Andre Mariaren Ikastetxea.
Ondoko urteetan, eta Oñatin sortutako giroak lagunduta, astiro baina hauskortasun zoragarriz azkartu ziren ikastolak Euskal Herriko lau haizeetan. Tolosan sortu zen bigarrena 1922an, Errenterian hurrengoa 1928an, Soraluzen, Bergaran, Iruñean eta Lizarran 32an...
Ilusioz hasi duen garai berrian, Elbira Zipitria ez da hutsetik hasi. Gerra aurrean argitaratutako materiala berreskuratu du. Armairu zaharren bihotzetatik, zolako oholen petik lortu ditu han eta hemen ume euskaldunentzat kaleratu ziren liburu guztiak. Bere etxean bildu dituen ikasleen gozagarri ekartzen ditu gelara Ixaka Lopez Mendizabalek Tolosan argitara emandako "Xabiertxo", "Martin Txilibitu" eta "Umeen laguna". Haurren esku uzten ditu Permin Iturriotz apaizak idatzitako "Txomiñ Ikasle" eta "Lutelesti", Eusko Ikaskuntzaren babesean argitara emandako "Zenbakizti-lengaien Ikastia"...
Eta liburuak biltzen dituen aldiro, "Edesti Deuna ume ikaslariyentzat", "Josutxu, umientzako otoi-idazkiñua", "Daneurtitzia" eta "Zenbakiztiya" jasotzen ditu azkenak. Alabaina, aita Zabala-Aranarenak, Nabarniz-tarra-renak dira guztiak. Muñoaren ikastolako lehen zuzendari, hark aldegin ostean sartu zen Zipitria Muñoarenean lanean. Aita Zabala-Arana ez da gehiago irakaskuntzara itzuliko: 36ko neguan desagertu zen Bilbotik Santan-derrerako trenean, beste eremu errepu-blikarrean geratu ziren gainontzeko klaretiarrak toki segurago batera, Euskal Herrira ekartzera joana zela.
Garaiak franko aldatu dira. Ilunagoak izanagatik, gero eta ume gehiago dituela jakiteak ematen dio indarra Elbira Zipitria andereñoari. Badela merezi duen gezurrik da haurrei irakasten dien lehen ikasgaia. Norbaitek kalean nora doazen galdetuz gero, gaztelerazko eskoletara doazela erantzuten ikasi dute Elbiraren ikasle guztiek. Horra ametsak bizirik segi dezan esatea merezi duen gezur ederra.