1942 Baiona

Aintzina piztu

Bigarren Mundu Gerra eguneroko bizitzan dela, piska bat gehiago galdu du plaza euskaldunak Iparraldean. 1940ko ekain hondarretan sinatu da hiru lurraldeak berriro ere bitan zatitu dituen armistizioa. Lapurdi eta Behenafarroa armada alemanaren mendean geratu dira. Zuberoa Vichy-ko gobernuaren agindupeko "Frantzia librearen" eremuan dago. Okupazioarekin, erabat mututu da Gure Herria aldizkaria (1921); Eskualtzaleen Biltzarra-k (1901) utzi egin dio batzeari; Baionako Euskal Museoa "Foyer du Soldat" bilakatu da lehenbizi, eta "La Maison du Prisonnier" gero. Bada beste biktimarik. Gerrak bi euskaltzale handiren bizitzak ere eraman ditu, Mixel Diharce eta Jean Richter.

1941ean, Marc Legasse eta Xabier Diharce Iratzeder, dira Aintzina zaharreko buru zen Piarres Lafitte ikustera joan direnak. Gure Herria berriro kaleratzea da gazteek gaskoin txikiari daramaioten mezua. Garbi utzi nahi dute zakur ametsak baino gehiago direla. Finantzazioa ez da arazo. Marc Legassek aitaren herentziako sosak jarri ditu mahai gainean. Bihotzez eskaini du bakailao kontserbekin "Entreprises maritimes basques"-en hark irabazitako mozkinen bere zatia. Aitzitik, Gure Herria-ko zuzendaritzak ez ditu begi onez ikusten ordea aldizkaria pizteko saioak. Egoeraren aurrean, Lafittek Aintzina berrargitaratzea proposatzen du.

Aldizkari berezia izan da Aintzina (1934-1937). Elebiduna, ekarri dio haize berririk hiru lurraldeetako giro kontserbadoreari. Eskualduna-k ez dituen hartu-emanak izan ditu Hegoaldeko abertzaleekin. Aranazaletasuna ez da ezkutatzen. Horren seinale da lehen orrialdeko mantxetan ezarri JEL ikurra. Bidasoaz haraindi ihesi etorri direnei batzuek eta besteek egindako harrera ere, oso izan da bestelakoa. Gero, politikaren eguneroko dinamikan, ez dira arras diferente agertu. Eskuin frantsesa izan dute biek lagun. Hauteskundeetan, Jean Ibarnegarai-ren aldeko boza eskatu dute Aintzina-tik.

Abuzturako, hasiak dira laguntzaile izan daitezkeenei egin beharreko bisitak egiten: Leon Leon, Louis Dassance, Zerbitzari, Oxobi... Denak eman dute baietza. Baina izan da harririk bidean. Urriko azken egunean, Iratzederrek Beloken sartzeko deliberoa hartu du.

Urtarrilean, bostehun ale aterako dira Baionako "Imprimerie de la Presse"-eko makinetatik. Marc Legasse eta André Ospital dira arduradunak. Saint-Pierre, Jauregiberri, Dassance, Lacombe, Aita Donostia, Leon Leon, Zerbitzari, Oxobi eta Lafittek osatzen dute Ohorezko Batzordea. Gizabanakoak ez ezik, erakunde eta aldizkariak ere bildu nahi ditu proiektu berriak. Hala daude batzordean Eskualtzaleen Biltzarra, Gure Herria eta Euskaltzaindia. Esan gabe doa, hutsunea nabariegia da, baina Aintzina berriaren eta Sauveur Arotzarenak zuzentzen duen Eskualduna astekariaren arteko hartu-emanak ez dira batere onak. Bego ironiaren indarra:

Guk ere, gure aldetik, eskualdunena egin nahi, eta ez arrotzarena.

Informazio orokorrekoa eta milaka irakurle dituena Eskualduna, euskal gaien inguruko ikerketarakoa eta hedadura txikikoa Aintzina, ez dirudi gazteen oldarrari zaiona baino beste beldurrik dagoenik hauekiko susmo txarren atzean.

Batez ere laguntzaile berriei esker (Labegerie anaiak, Larzabal, Xarriton...) aurreko garaian baino abertzaleago agertzen bada ere, Eskualduna bezalaxe, petainzalea da funtsean Aintzina. Lurra eta tradizioa dira erreferente ideologiko nagusi komunismoari eta herria "deseuskalduntzen" ari den burgesiari aurre egiteko. Hala idatzi du Marc Legassek:

Jainkoagana eta lege zaharretara itzulita; herriaren egiaren aurrean makurtuta; Kristogandik datorren bake, sosegu, indar hau hartuta, horrela aurkituko dugu euskal arima.

Gure Mendea