1940
Mexiko
Barruti Federala
Arteta hil da
Etxetik urrun hiltzen direnak bezala hil da Aurelio Arteta, kolpetik. Semeak zain zituen basetxera zeraman tranbiaren istripuan ordea, ez da Aurelio Arteta bakarrik hil, Euskal Herria margotzeko era bat bi tranbien arteko talkan, burdin eta ohola hautsien artean galdu dena. Artean, Mexiko urrunean zer gertatzen den jakin gabetan, burumakur da langile sorbalzabala Burtzeñako zubian, etxe proletarioen artetik ibaira hurreratu den zaldi zuriari beha.
Politikan jeltzaleek eta sozialistek euren arloak ondo bereizi izan badituzte ere, kulturan, baina batez ere pinturan, eguneroko lanak egin du posible iturburutik urrundu eta zeihartzea. Horregatik ez da Artetaren pintura Bizkaiko sozialismoaren pintura. Malen-koniatsuegiak dira margotzen dituen gizon-emakumeak, isilegiak beren epikotasunean. Hala da, ederregiak dira errealismo sozialera kondenaturiko langabetuen gorputzak, tatxagabeak fundizioetako beharginak. Azken beltzean, ez da tipologia nazionalistak eskaini izan duen eredutik, alegia, Elias Salaberriagandik edo Zubiaurre eta Arrue anaiengandik horrenbeste aldendu. Hauek agertuko ez duten obreroa mihiseari emateko orduan, kalte egin dio Euskal Herriak Aurelio Artetari.
Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskolan ibilia, Parisen eta Italian, Belgikan eta Erroman formatu da. Han ikusi du ikasi nahi duena. Etxera itzulita, marketin lana (afixak egiten ditu, ilustrazioak, iragarkiak, egunkarietarako binetak) izanen du ogibide Ricardo Bastidak Madrilgo Banco de Bilbao-ko sarrera margo dezan eskatu dion arte. Espainiako hiriburuan ematen duen denboran, esan daiteke adiskide duen Tomas Meabek gaztelerara itzuli dituen Verhaeren poeta belgiarra dela hormak hartzen dituena. Untziginak, mekanikoak, zamaketariak... obrero edertuak kapitalaren etxearen edergarri. Gerra aurretik Bizkaiko sozialisten agerkari izan zen La Lucha de Clases ere ohartu zen Artetaren lanaren balioaz, eta ez zion itzuri egin keinu literarioari:
Grande y magnífico era el tema –la poematización pictórica de Vasconia, de sus calles y su ciudad, de sus minas y sus fábricas, de sus églogas y sus tragedias, sus riquezas y sus dolores, de sus barcos, sus buques– y adecuado ha sido para el pintor armonizar, acaso como él sólo pueda hacerlo, la fuerza y la grandeza, la violencia y la dulzura del País Vasco. Jamás ingresó tesoro tan rico en un Banco.
Aurrerantzean, Iraultza osteko Mexikon Diego Rivera bezalaxe, Bilboko burgesiak eta ofizialtasunak, Eliza Katolikoak eta burokraziak tentatuko dute Artetaren ideario ezkertiarra: kontraesanean bizitzera dago behartuta. Logroñoko Seminarioa margotuko du, Arte Ederretako Museoko zuzendari izanen da, hezkuntzan arituko da ikasle izan zen Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Eskolan. Eta hala ere, margotzeko besteko adorea ematen diote bere betiko kezka nagusiek, langileen aferak ("El puente de Burceña", "Barrio obrero", "Pescadores"...), erresistentzia antifaxistak ("Frente", "Retaguardia"...), euskaldunen maite-jolasak ("Conversación en el campo de sport", "Eva arratiana"...).
Arteta Mexikoko erbestean hil delakoaren berria Euskal Herrira heldu delarik, lagun artean da Burtzeñako zubian goiza zaldi zuriari beha eman duen langile sorbalzabala:
—Konturatu zarete inoiz? Artetaren figuretan, inork ez darama barruko arroparik.

"Evacuación
por mar", Aurelio Arteta.