1938 Brusela, Habana

Euskal Enbaxadak munduan barrena

Hamaikagarrenez makurtu dira buruak txalo zaparrada eskertzeko. Bisetan, hirugarrenez errepikatu behar izan dute Sorozabalen "Bigarren kalez kale" eta "Loa loa". Lekeitioko "Kaxarranka"-k eta "Amaia" ikuskizuneko ezpatadantzak bihotz muineraino hunkitu dute Bruselako Galleries aretoa. Jotzen duten herria jo, harrera ezin beroagoa du Eresoinka-k bere dantza eta kantuekin. Parisen amaitu dute 1937a. Belgikan eman diote hasiera gerra amatatzen ikusi nahi duen urte berriari.

Ikuskizun folkloriko handia da Eresoinka-rena. Europan barrena Gernikako Elai Alai dantza taldearekin batera Molari aurre egiten dion Euskal Herriaren enbaxada kulturala izan nahi duena abian jartzeko, gazte andana bildu behar izan da. Gabriel Olaizolak eman dio taxua Manuel de la Sota erdal idazlearen eta Jose Maria Uzelai margolariaren proiektuari. Artetak, Tellaetxek, Gezalak, Arruek, Aranoak egin dituzte oholtza gainean agertzen diren dekoratuak. Luisa Esnaolak du dantzen ardura. Jordà Gallastegik musikarena. Emanaldiaren hurrengo egunean, euskaldunen xarmaz eta indarraz liluratuta mintzo dira Bruselako egunkariak. Nola esan... bortiztasun goxo bat da Belgika hotza hartzen ari dena.


Segundo Olaeta eta beronek fundatutako Elai-Alai dntza taldea.

Ez da folklorea, ordea, etxetik kanpo Euzkadiren izena darabilen bakarra. Frantzian, Belgikan, Erresuma Batuan edota Errusian barrena sakabanaturiko umeen alde antolatu den Euzkadi futbol taldea Habanan da Parisen, Pragan, Katowic-en, Moskun, Leningraden eta Mexikon ibili ostean. Jokatu duten partidu bakar batean ere ez dute sosik ikusi. Elkartasuna da, galtza motxetan. Errusiatik Parisera itzulita, Ameriketako bidea hartzea erabaki da gerrak luzera joko duela pentsatuta. Habanan, sei eta huts irabazi diote Kubako selekzioari beisbol zelai batean...

Euzkadi taldea Bilboko Athletic-eko jokalariz osatuta dago batik bat, baina hamazortzien artean badira gerrak Bizkaira bultzatu dituen gazte gipuzkoarrak ere: Langara, Areso... Eresoinkak antzokiak bezalaxe, leporaino bete dituzte estadioak euskal futbolariek. Eta irabazi baino ez dute egin. Hiru eta huts Parisko Racing-i, bost eta hiru Marseillako Olimpique-ri, bost eta huts Lokomotiv-ekoei 90.000 ikusleren aurrean... Manu de la Sota da hemen ere buru eta adur. Bera izan da Athletic-eko lehendakari gerrak liga eten duen arte.

Orain, Ameriketako erbestean, Europako zelai eta hirietan bizitakotik bizi dira Euzkadi-ko jokalariak. Polonian kalean atzetik zituztela "komunistak" deitzen zietenekoa dakar gogora Iraragorrik. Moskun meza entzutera Finlandiako enbaxadara joan zirenekoa dakar hizpidera Ahedok. Eta bada inoiz lagun gehiegiren artean ateratzen ez den gaia ere: arranguraz gogoratzen dute guztiek Gorostizak eta Etxebarriak ekipoa utzi eta Euskal Herrira itzultzea ebatzi zuten eguna.

Habanako gaugiroan oroitzapenek etxerako bidea hartzen dutelarik, baloiari kolpeka iratzartzen dituzte ume errusiarrek Moskuko egunsentiak. Elkarri baloia pasatzeko orduan baina, ez dira etxeko izenez deitzen. Izen arrotzez bataiatu dituzte euren buruak, Spartak-en kontra bortiztasun goxoz jokatzen ikusi dituzten haietako bat izatea amesten du bakoitzak, eta halaxe deitzeko eskatzen die besteei: Blasco, Regueiro, Areso...

Gure Mendea