1937 Paris

"Guernica"

Azaroaren erdian itxi ditu ateak Parisko Nazioarteko Erakusketak, eta hogeita hamazazpi milioi bisitari izan dituen arren, dirua galdu dela iragarri dute antolatzaileek. Aurrez esanda bezala, arteari eta teknikari inoiz eskaini zaion erakusketarik handiena izan den honek iragana baino oraina biltzea erdietsi du. Hemen izan da Espainiako gerra, hemen Italian aparrean datorren faxismoa, hemen nazismoaren hautua egin duen Alemania. Gatazka bizian dagoen Europa da Parisera etorri dena. Goian, Chaillot muinoan, eraikuntza ikusgarria lortu du Jacques Carlu arkitektoak Davioud-en jauregi bizantiarraren inguruan. Behean, Sena ertzean, Trocadero-ko ordekan ezarri dira pabilioiak.

Kontrasteen erakusketa izan den honetan, aurrez aurre egon dira Alemania eta Sobiet Batasuna, Arrano germaniarra eta "Obreroa eta Koljostarra. Burgoseko gobernu faxistak Vatikanokoan erakutsi du Josep Maria Sert-en lana, Espainiako gerran Santa Teresa de Jesús-en parte hartzea sinbolizatzen duen aldarea.

Bestaldean, Espainiako Errepublikaren aretoan izan da gauza ikusgarririk, baina batez ere zuri-beltzean margotutako 7,80 metro luze eta 3,50 metro zabal den mihise bat nabarmendu da osterantzeko artelan guztien gainetik. Faxismoaren kontrako koadroa egiteko agindua zion Bigarren Errepublikako gobernuak Pablo Picassori. Mandatua jaso eta gutxira bonbardatu du Kondor Legioak Gernika. Picasso berehala hasi zen lanean. Maiatzaren aurrenean hasitako lana buruturik zuen ekainaren laurako. Presaka, izenik gabe ezarri da Gernikaren sufrimendua Errepublikako pabilioian.

Amaitzen ari dela, Manuel Irujoren bisita izan du Picassok Parisko bere atelierrean. Abegikor hartu du pintoreak euskal herritarrek Errepublikako gobernuan duten ministro bakarra, eta koadro aurrera eramanaz, hitz egin egin dute Picassoren begi handiek:

- Don Manuel, zer deritzozu?

- Begira, egia esanen dizut, amorrarazi egiten nau!

Honela, hasi orduko amaitu da bien arteko elkarrizketa. Bizkarreko gozo batzuk emanda urrundu du Picassok Irujo koadrotik:

- Horixe entzun nahi nuen, amorraraztea!

Ez da Picassok koadroa Euzko Jaurlaritzaren esku gera dadin egin duen azken ahalegina. Erakusketak ateak zarratu dituelarik, eta koadroaren etorkizunaz kezkatuta, Picasso ikustera hurreratu da Julio Jauregi senadore jeltzalea. Ondo prestatua du zer esan behar dion, eta bere ustez Euskal Herria dela diotso koadroaren benetako jabea, Gernikak jasandako bonbardaketa izan dela lanaren iturburu, eta beraz bidezkoena koadroa euskaldunei...

Picassok badaki zer esanen dion, eta eten egiten du senadorearen diskurtsoa:

- Agirre lehendakariak eskatzen badit, "Guernica" zuentzat da, euskaldunontzat.

Berri onak biztuta, oinak hegan dituela egiten du Picassoren etxetik lehendakaritzarakoa. Disimulatu ezinezko pozez azaldu dio Picassok egin dion eskaintza. "Guernica" euskaldunentzat!

Jauregik amaitu dezan itxaron duen Agirre, ahoan legarrik gabe mintzatu da:

- Ez da nire gustukoa, niretzat ez du deus balio.


Agirre lehendakaria Picassoren "Guernica" obraren aurrean.

Gure Mendea