1937 Gasteiz


Esteban Urkiaga Lauaxeta.

Betaurreko batzuk behegainean

Adiskide eta bidaide izan duen Aitzolez gomutatu da –zenbat haserre-moduko poesiagatik!- Lauaxeta gurutzea eskuan duela hormarantz daramaten bitartean. Parekotasunak behartuta, haren azken egunak berregin ditu bere baitara bilduta: Galerna baporearen bahiketa, Pasaiako portua, Ondarretako kartzela, Hernaniko hilerria... Hormaren kontra dauden itzalak argitara atera dituzten autoaren fokuak eta deskarga trakets bat. Gero, pelotoikoak Amasara joan zirela afaltzera zabaldu zen. Han banatu ei zituzten elkarren artean hildakoen karterak, erlojuak eta sosak, Aitzolenak tarteko.

Oroimenokin, hotzagoa egin zaio patioa. Tristea da kartzela bihurtu duten karmeldarren komentua. Bizar zarratua utzi du azken egunotan. Ziegatik paredoirakoan, Abaituatarren panteoira eramanen duen hilkutxaren aurretik pasarazi dute. Zain du pelotoia, baina gertu da. Itun Berria, baina batez ere San Juanen ebanjelioa irakurtzen eman ditu azken egunak.

Orain badakit Jainkoa maitasuna dela —esan dio Lauaxetak azken orduotan lagun izan duen Aita Alfonso Maria Moreno jesuitari. Honek emandako mezan lagundu du oilaritean. Goizeko sei t'erdiak dira.

Je demande au monde civilisé s'il peut permettre l'extermination d'un peuple qui a toujours consideré comme son plus grand titre de gloire la défense de sa liberté et de la sainte democratie, que Guernika par son arbre millénaire a symbolisé à travers les siècles.

Bihotza agerian utzi dion artikulu baten bitartez salatu du Pariseko Euzko Deya-n Agirre lehendakariak Gernikaren bonbardaketa. Azalean bezalaxe, "Guernika ya no existe" dio atzekaldean artikulu batek. Apollo zineman "Isla de Furia" (sic) filma ematen dute, Humphrey Bogart eta Margaret Lindsay-rekin. Hamasei liberetan eskaintzen da afaria Rue du Colissée-ko jatetxe errusiarrean. Goiko iragarkian, loteria erosteko dei egiten da. Parisko argi liluragarriekin nahasten dira Gernikaren errautsak apirilaren 30eko Euzko Deya-n.

Gernika bonbardatua Bordeleko bi kazetariri erakusten ari zela atxilotu zuten. Frantsesez dakielako bidali zuen hau atzerriko prentsaren itulari Ajuriagerrak. Gudarien komandantearen uniformea zeraman faxistek harrapatu zutenean.

Nous ne demandons rien pour les hommes, car notre ferme propos de défendre la liberté de notre peuple nous fera affronter les plus grands sacrifices, l'esprit serein et la conscience en paix.

Presakako gutun batzuk idatzi ditu olerkariak azken egunetan. Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari den Doroteo Ziaurrizena da bat: «No temáis a los que pueden matar el cuerpo, sino el alma».

Ekainaren 25ean, behinola Grand Hotel, gero Hotel Carlton eta orain Jaurlaritzaren egoitza den honetan, bada negar egiten duenik. Gatibu egon den ia bi hilabetetan eginahalak egin diren arren, ezinezkoa izan da Lauaxeta Vélez izeneko batengatik kanjeatzea.

«Sua!» entzun eta batera, burmuineko hemisferio bat lehertu dio balotako batek. Zauritik atera den hauts zuriak zikindu ditu pelotoia eta azken igurtzia ematera hurbildu zaion Aita Moreno.

Gudarien komandantea hil dutelarik, euskal olerkigintza munduarekin lotzen ahalegindu den poeta ere hil dute. Pioner baten betaurreko biribilak dira behegainean hautsita daudenak.

Gure Mendea