1937
Bilbo
Robert Capa
Andrei Friedmann deitzen da, baina Robert Capa sinatzen ditu Parisko karriketan ateratzen dituen argazkiak. Errazago saltzen ditu izen berriarekin, komenigarriagoa zaiolako egiten du, nahiago du hala Hungariako friedmandarren orban judua ostenduta. Zientzia politikoetan lizentziatua, bere kasa ikasi ditu argazkigintzaren sekretu guztiak. Trotski-k 1932an Kopenhage-n iraultza sobietarraren historiaz emandako hitzaldiaren irudiak izan ditu argitaratu dizkioten lehen lanak. Baina Espainiako gerrak egin du ezagun munduaren aurrean. 36ko irailean Córdobako Cerro Muriano-n bala jaso berri duen miliziar bati egin dion argazkiak bira osoa eman dio mundu guztiari. Inork ez du inoiz antzeko ezer ikusterik izan. Ordura arteko gerra argazki estatikoen aldean, halako mugimendu bat dute Capak bere 35 mm-tako leika txikiarekin ateratzen dituenak.
Hogeita lau urte ditu Gernikaren bonbardaketaren berri izan eta Euskal Herrira etortzea erabaki duenean. Madrildik Parisera joanda, Espainiako enbaxadan lortu ditu lortu beharreko baimen guztiak. Maiatz hasieran hartu du Miarritzerako bidea. Handik era bakarra dago itsas armada frankistaren blokeoa hautsi eta oraindik Jaurlaritzaren esku dagoen Bizkaia mendebaldean sartzeko: airez. Eta airez, aireplano frantses batean heldu da Bilbora.
Gernika lurrarekin berdinduta eta Bermeo italiar gezi beltzen esku, Sollubeko maldatan dago orain frontea. Euskal gudariek eta asturiar miliziarrek ahal bezala eusten diete Molaren brigada nafarrei. Halaxe, pinu adarrez babestutako lubakietan Capak harrapatu bezalaxe agertu dira Frantziako Regards aldizkarian. Askotan, lerro batzuk idazten ditu argazkien lagungarri. Gehienetan, irudiaren indarra baino ez du igortzen: soldaduak atseden hartzen, emakumeak harri garraioan Bilboko burdinazko gerrikoa sendotzen, zibilen ihesa...

Aireko erasoaren Alarma
Bilbon 1937ko udaberrian.
Robert Capa.
- Zure argazkiak ez badira nahiko onak nahikoa hurbildu ez zarelako da –du esaldirik maiteena.
Biktimen keinuak harrapatuta baizik ezin transmiti daiteke gerrak norberaren baitan sortarazten duen inpresio zaparrada. Sollubeko maldatan, ordura arte Errepublikaren lerroetan ikusi ez duena erretratatzen du estonaturik: abadea gudariei meza ematen.
Bilbon, gerrara ohitzen ari den egunerokotasuna da kamerarekin ehizatzen duena. Jendeak egunkaria irakurtzen du Arriaga kafetegiko mahaietan, umeak babesleku atarian jolasten dira, jendea odol ospitalearen aldeko diru bilketako ilaratan agertzen da Arenalean. Bat-batean, hegazkin faxistak datozela iragartzen duen alarma hotsa eta aterpe bila doan jendearen herioa da bere leika-rekin betirako izozten duen unea. Bilbo bizia da Capak erakusten duena, ez zaizkio paisaia hutsak interesatzen, jendez –eta beraz sentimenduz– jantzitako hiria da ebatsi nahi duena.
Maiatz erdialdean, Bilbo hasia da umeak erbestera ateratzen (Oskar Kokoschka espresionistak presakako margo solidario bat ere egin du: "Lagundu euskal umeei"). Abrako bokalean, Frantziako gobernuak laguntza gisa bidalitako Carimare zamaontziaren branka da Euskal Herrian atera duen azkenetako argazkia. Caparentzat, Bilbo laster eroriko da. Maiatzaren hamazazpian, iluntzean, arrantzontzi batean igo eta Frantziarako bidea hartu du. Hamabost egun eskas egin ditu Euskal Herrian.