1937
Bilbo

Lizardiren ametsa
Bake garaiak lortu ez duena erdietsi du gerrak. Zortzi urte eta guda egoerak gizarte zibilari ezarritako baldintza gorriak izan dira beharrezko Lizardiren ametsa, alegia, euskal egunkari bat kaleratzeko guraria gauzatuta ikusteko. Pozik izanen zen Xabier Lizardi bizi izan balitz: Lauaxetak bete du lagunaren nahia.
1929ko martxo-apirilean Euzkadi-n argitaratutako artikulu sorta batean azaldu zuen Lizardik bere proiektuaren nondik norakoa. Ideia ez da berea, Zarauzko garaitik lagun min zuen Txomin Arruti, Mendi-Lauta-rena baizik. Atalez atal, erredakzioak non, kazetariak nolako, dirua zertan... egitasmo ezin zehatzagoa zen Lizardik gogotik paperera ekarri zuena. "Bai" deituko zen, eta hamar-hamabi mila ale sal zitezkeela zioen. Hiru mila harpidedun baino ez ziren behar, «iru milla lagun zintzo euskotasunaren gaizkakunderako».
Lizardiren ametsak ez zuen aurrera egin baina. Gurpil artean sartu zizkioten zardaiak ez ziren kanpotik ekarriak, etxean zeuden, batean eta bestean. Euzkerea-tik ez zen bideragarritasunik ikusten, eta hala adierazi zioten. Pizkundea-tik ere, ez zuen laguntza handirik izan. 1930eko ekainaren batean, El Día sortu zen Donostian, abertzaleek Gipuzkoan behar zuten egunkaria. Proiektua aurrera ateratzeko ezinbestekoa zen Aitzolek beharrezkoago ikusi izan zuen euskal kontzientzia gazteleraren bidez piztuko duen egunkariaren aldeko apustua egitea.
Beharrezkoa izan da gerra ekonomiak ezarri baldintzak euskal egunkaria behartzeko. 1936an emandako agindu baten bidez, egunkari guztiak lau orrialdekoak izan daitezke gehienez. Euzkadi-ren euskal atala murriztuta geratzen denez, euskara hutsezko egunkaria kaleratzeko erabakia hartu dute EAJk eta Euzko Jaurlaritzak. Horrela, Eguna-n bildu dira Bizkaian zirenak ez ezik Bizkaira bildutako euskal idazle gehienak: Lauaxeta, Manu Ziarsolo Abeletxe, Augustin Zubikarai, Eusebio Erkiaga, J.M. Arizmen-diarrieta, A. Mendizabal, I. Eizmendi Baserri, J. Insausti Uzturre, A. Anabitarte, T. Agirre Barrensoro, M. Arruza Arrugain, J. Ituarte Artibai, Zirilo Arzubiaga, I. Enbeita, S. Muniategi, J. Kerexeta...
Urjentziazko egunkaria da Eguna, gudariei adore emateko tresna. Informazioa lortzeko, Euzkadi-ra heltzen diren teletipoak itzultzen dira, herrietatik bidalitako albisteez eta guda parte ofizialez, ahal bezala osatzen da alea. Hamar mila inprimatzen dira egunero. Gero, frontean eta gudari artean banatzen da bestela baino gehiago, doan beti hauentzat, hamabost zentimotan kalean.
Eta urjentziazko delako du toki berezia literaturarentzat. Orixek eta Lauaxetak Euzkadi-n eta Aitzolek El Día-n egin bezalaxe, beti agertuko dira bertsoak, olerkiak eta ipuinak. Eleberri bat ere irakurriko dute gudariek, foiletoi eran emana, Mendi-Lauta-ren "Loretxo"...
Poztuko ez zen bada Lizardi. Baina oso bestela dira gauzak orain. Euskal egunkariarekin amets egiten zuen olerkariaren gizarte zibila hilabeteak dira xareturik dela.
Ezin argiago azaldu du Uzturrek: «zearo aldatzen dizu gudak errien biziera».