1937 Bermeo


Jose Mari Uzelariren horma-irudiaren xehetasuna.
Bermeoko Alkartetxea.

Koadro fusilatua

Faxismoak arras maite du artea, eta jakin gabetan, badaki hartzeko dauden lurretan den zenbait artelan Kalamua edo Intxortak bezain arriskutsuak izan daitezkeela biharko egunean. Artea gatza bezalakoa baita, zaporea ematen die jakiei, bizia zauriei. Hala da, koadro bakar batek kontzientziarik jipoituena pitz dezake. Mola-ren dinamika militarrak orain Bizkaian kosta ahala kosta zapuztu nahi duen euskal memoria osoro egingabearena, esate baterako.

1936ko irailetik geldirik zirudien frontea udaberriarekin batera mendebaldera mugitzen hasten delarik, Artikeko errotetatik datorren errekak lehenbiziko soldadu italiarren gorpuak dakartza Artzara. Maiatzaren aurrenean, Piazzone jeneralaren lau mila gezi beltz garaile sartu dira Bermeon. Herriak hezurrak hozten dituen isiltasunez hartu ditu. Eta horrexegatik, isiltasuna uxatzeko joarazi dituzte Santa Maria parrokiko kanpaiak, frantziskotarren elizakoak, Santa Eufemiakoak.

Harrokeriak hanpatuta egin dute herriko Batzokira, Pedro Ispizua herritar arkitektoari esker Euskal Herriko ez ezik munduko batzokirik modernoenera. Luzaroan itxaron duenaren artegatasunez igo dituzte mailak, behaztopaka sartu dira jantokira, eta altzari hautsi eta su berrien artetik, esku urduri batek tiro egin du horman ohol baten gainean margotuta ageri den koadroren kontra. Handia baino, luzea da. Hamasei metro muturretik muturrera. Portu bat ageri da bertan, baporeak etxean direla. Balek ura zulatzen dute gilapean, mila izpitan zartatzen dituzte branketako oholak, moilako harriak zauritzen dituzte.

Egilea ez da sorterrian, Bilbon dabil Arte Ederretako museoko lanak kaxetan sartu eta aduanara eroaten, faxisten eskuetan eror ez daitezen. Lanak itota dabil Jose Maria Uzelai egunotan. Laster, Parisko bidea hartu beharrean da. Euzko Jaurlaritzak "Arts et Techniques" Nazioarteko Erakusketan izanen duen pabilioiaren Komisario Nagusia da, eta ez da Busturian duen etxera (hain maite duen amaren jaiotetxera, Txirapozu-ra) luzaroan itzuliko. Ez da bakarra. Arrue anaiek Iparraldera joko dute, Artetak Mexikora, Tellaetxek Perura, Flores Kaperotxipik Argentinara... margolariz hustu den herria da Uzelairena, datozen urteak zer izanen diren Bermeo bihurtuta.

Bizkitartean, errepidean bestaldean, Batzokiaren aurrez aurre dagoen Kasinoan, Ignacio Zuloagaren sei koadro erraldoik, itsas girokoak denak, Bermeoko marinak batzuk ("Vista de la Atalaya con algunos personajes", "Paisaje de la costa de Bermeo con retrato al fondo"...) ongi etorria ematen diete garai berriei.

Gure Mendea