1937 Fruiz

Abangoardiak hiltzen direnean

Nikolas Lekuonak Balentziaga eta Oteizarekin batera Donostiako Kursaal Berrian erakutsi dituen margo, marrazki, argazki eta fotomuntaketak harriak bezalaxe jausten dira Jose Artetxeren teilatu gainera. "Yakintza" aldizkariko tribunatik, zoragarri marrazten duela aitortuta ere, hasi duen bidearen okerraz jabetzeko gaztigatzen dio azpeitiarrak, har dezala bere izaerarekin bat datorren espresabidea. Baina Nikolas Lekuonak ez ditu kritiko moralak maite, bide berrietan ibili nahi du bere kodak rainbow-arekin.

Moholy Nagy, Rodchenko, Kertesz edo Cartier-Bresson bezalaxe, armairu gainera igotzen da, leiho hegitik zintzilikatzen. Zoru gainean etzanda lortu nahi ditu egunerokotasunari ateratako argazkiari bizitza, enkoadre berriak ematea. Euskal Man Ray-a da, abangoardia, datorrena. Ez du maite akademizismoaren estutasuna, pintura abertzalearen folklorekeria. Mugak hautsi nahiak Aitzolen Pizkun-dearen konfidantza-mugetatik kanpo utzi du. Gipuzku Buru Batzar-ek argitara eman duen "Libro de Oro de la Patria"-n ez zaio desbiazionismo estetiko, eta suposatu behar da, etiko honi aipurik txikiena ere egiten.

Marrazkiak argazkiari bide eman dion bezalaxe, hala emanen dio honek ere zinemari. Mundu oso bat dago egiteko, eta presaka datoz egunak elkarren atzetik. Lekuonak "gaur" dioenean "bihar" dio, ez dago atzera behatzerik. Gizon berria dator. Futurista da funtsean: «El cine es un medio de expresión eminentemente expositivo. Es el cine el mayor propagador de la energía, de la belleza, de la fantasía, etc... (...) Al hacer una película, se debe olvidar todo lo hecho. Recordar es inevitablemente imitar, recordar es ir camino del amaneramiento».

Transgresioa aldarrikatzen duenak oroimenari bazka ematen dion errealitatea du maite ordea: umeak, Ordiziako karrikak, Madrilgo Retiroa, zalgurdiak, trena, itsasoa, lagunak, familia... Argazkigintzak galdutako objektuen edertasunaz hitz egiten du.

Afrikako militarren altxamendua lehertzear dagoela, leika bat utzi dio Kontxako badian Club Náutico berria hondo emanda utzia duen Aizpurua arkitektoak. Argazki bat oparitu beharko dio trukean, horra adiskideak kamera uzteagatik jarri dion baldintza bakarra. Bi karrete besterik ez ditu aterako. Aizpurua, Donostiako Falangeko burua, matxinatuak Donostian sartu baino egun batzuk lehentxeago fusilatu dute Polloeko hormaren kontra. Lekuonak abertzaleen aldeko hautua du egina, baina amak eskatu diolako geratu da herrian. Falangistak Ordizian sartzen direlarik, eurekin daramate Bizkaiko frontera, angarilari. Fruizen, ekainak hamar dituela, faxistek erratuta bonbardatutako posizio batean harrapatu du Heriok. Hogeita hiru urteko gaztea zen.


Nikolas Lekuonak bere heriotza iragarri zuen
1937ko otsailean eginiko autorretratuan.

Haren heriotzaren berri izan eta batera, otsailean egin zuen erretratu baten inguruan biltzen dira maite izan zutenak. Iragarritako heriotza izan da Nikolas Lekuonarena. Ezinbestean Buñuelen filmak gogorazten dituen irudian, Nikolasen burua agertzen da argazkian. Begiak bildurik ditu, odola dario ezpain begietatik.

Gure Mendea