1937
Donostia
Probintzia traidorearen ordaina
Bizkaia baino bizkaitarrago agertu nahi izan duen Gipuzkoa traidoreak ere badu ordaindu beharreko hobenik. Lurra haizeak baino errazago irabazten ari den faxismoak estetika eder bat du munduaren aurrean erakusteko. Propagandak kanoien indarra du, eta Donostia erori berrian harro dabiltza garaileen ikurrak. Espainiako udako hiriburu, gerra hasi eta batera hartua, hiri ezin egokiagoa da fronte kultural eta ideologiko berria bertan antolatzeko. Horregatik hasi da Donostian argitaratzen Prentsa eta Propaganda Sailaren Vértice, Sección Femenina-ko lehen agerkaria —Mujer—, soldaduentzako umore kazeta —La Ametralladora— eta umeentzako lehen komiki falangista —Flechas—. Donostian da irarkolarik handiena —Talleres Offset Nerecan—, eta berehala muntatu dira editoriala —"Editorial Española", Movimientoari ez hain lotua— eta baita "Librería Internacional" liburudenda ere.

Faxismoaren propaganda aparatoa da Donostian, «munduari zabaldutako leiho bakarrean» ezarri dena, paperaren bitartez egindako militarizazioa. Halaz, promozio aukera hauekin, agudo osatuko da artea botere berriaren alde jarriko duen artista saldoa.
Etxeak presaka utzi ez dituzten artisten artean elkarren ezagunak dira asko. 1934ko abuztutik, Donostiako kaian elkartu izan dira sarritan, artea aterpetzeko sortutako elkarte gastronomiko-kultural batean. "Gu" du izena eta bapore baten maneran dago dekoratua. Lokal irekia izan da hasieratik. Inaugurazio egunean, Lorca-k "Romancero Gitano"-a irakurri zuen bertan. Askok gogoratzen du oraino ere Picasso eta Primo de Rivera-ren arteko eztabaida errespetuzkoa. Eta horrela, deus abisatuta ez balego bezala, Sánchez Mazas, Aizpurua eta Ribera dentistaren artelan ausarten, elkarrizketa beroen eta bakailao lapiko gozoen artean egosiko da faxismoak behar duen iruditeria berria. Derrota bihotzak gehiegi zabaltzen utziko ez duen zerbait da: garaileen ikonografiak asko zor dio probintzia traidoreari.
Aitzolen adiskide eta Euzko Pizkundea-ko sortzaileetako bat izan den Juan Cabanas Erauskin asteasuarrak ez du inoiz ere bere fedea ukatu. Italian ibilia da, Tiberreko ur gardenetan garbitu du bohemio izateko garaian Senak belztu zion bihotza. Marinetti-ren miresle da, ondo kopiatzen du Piero de Arezzo-ren lana. Donostiara itzulia dela, harro erakusten dizkie adiskideei Primo de Rivera-ren alderdirako sortu berri dituen ikurren zirriborroak: uztarria eta geziak ageri dira batean, arrano inperiala bestean. Prentsa eta Propagandako buru, hamaika afixa eginen ditu aurrerantzean ere.
Ez da bakarra. Portuko lokalera biltzen den Juan Telleria zegamarrak ("Ogi zerutik" eliz kantuaren egilea) konposatua da Falangeko himnoa, "Cara al Sol". Letra, besteak beste, Pedro Mourlane Mitxelena irundarrarena ere bada. Ignacio Zuloaga eibartarrak erreketeak ("El último requeté"), alkazar bihoztunak "Paisaje heróico de Toledo") eta bandera gorri-horian bildutako Franco bipil eta jainkotu bat utziko ditu etorkizunerako ("Retrato de Franco con uniforme del Movimiento"). Julio Beobide zumaiarrak (adiskide duen Zuloagak bultzatuta esanen da) kristo eder batez jantziko du Valle de los Caídos-ko larderia. Probintziaren bihotzean, Azpeitian, harri gorrizko errekete erraldoi batek, Hankaundik, faxismoaren alde hildako guztien izenak irakurraraziko dizkio jolaserako egina dirudien monumentura hurreratzen den ume orori.
Gipuzkoa leialak zor dio hainbeste Movimientoari...