1936
Iruñea
Euskaltzaleak matxinatuen alde
Matxinatuak kuarteletatik atera eta Gipuzkoaz gaindi Bizkairantz jo nahi dutelarik, bitan zatiturik dira abertzaleak Nafarroan. Batzuk, Errepublikaren alde agertu direnak, hasieratik beretik jasan dute altxatuen fusilen mintzoa. Goizaldean abandonaturiko gorpuz bete dira Nafarroa idorreko errepide bazterrak. Jeltzaleen batzoki guztiak eta hauen agerkari izan den La Voz de Navarra zarratu dituzte. Atxilotuak hagitz dira. Atzerriko bidea hartu behar izan dute, besteak beste, Santiago Cunchillos, Santiago Doxandabaratz eta Irujotar batzuek. Fortunato Agirre, Lizarrako alkate jeltzalea, fusilatu egin dute. Laborria handia izan da Bortzirietan eta Baztanen.
Bestalde, asko izan dira Errepublikaren alde agertu baino egunerokotasunak estal ditzan itxaron dutenak. Napar Buru Batzarrak uztailaren 20an ateratako agiri batean ez dagoela Errepublikarekin aldarrikatu du. Arrazoi soziologikoak daude tarteko, erlijioaren ingurukoak nagusiki. Horregatik geratu dira Iruñean Manuel Aranzadi hautetsi abertzalea edota honen anaia, La Voz de Navarra itxi berriko zuzendari izandako Jesus. Anitz dira jeltzaleen artean euren moduan egin dutenak. Eta ez Nafarroan soilik. Gipuzkoa abertzalean, Abelino Barriola eta Jose Artetxe idazleek ere hautu bera egin dute. Gerrak 82 urterekin eta burua galtzen hasixea harrapatu duen Arturo Campionek, artikulu argigarria eman du Diario de Navarra-n:
Tengo el gusto de hacer constar que liberada esta ciudad de la tiranía roja, quiero manifestar a la vez mi protesta más enérgica por el incalificable proceder del nacionalismo vasco y mi adhesión inquebrantable a la Junta Nacional de Burgos.

Falangistek Izquierda
Republicana-ko egoitza hartu zutenean,
1936ko uztailaren 19an.
Gizon elizkoia, sinesmen bizikoa, Iruñeko Ospitalean zirujau jarraitzea erabaki du Fermin Irigarai, Larreko-k. Nafar abertzaleen Napartarra-n eta Baionako Eskualduna-n hasi zen idazten, herrietako kontuak, irakurle xeheak ulertzeko moduko kronikak beti. Eta Arana Goiri politiko moduan estimu handitan badu ere, ez da haren jarraitzaile izan hark emaniko hizkuntza arauetan. Enrike Zubiri, Manezaundi-rekin batera, nahiago izan du herri mintzairaren aukera egin. Didaktikoa, zalua, argia, zabarkeriatik eta erdalkeriatik ihesi, arras hizkera bizian idatziak dira Larrekok euskal prentsan eman dituen kronikak.
Orain, gerra lehen hilabeteetan dela, bere buruarentzat soilik izkiriatzen du egonezak diktatzen diona:
Gorriak eta abertzaleak bakean elkartzea estatutoa erdiesteko, ba daiteke.
Baño, gudu batean, nola elkartu eta bateratu gudu-bideak eta asmo zuzenak eta asmo tzarrak? Ezin diteke, nik uste. Bizkaiko gorriek beste gorrien bide berberak erabiltzen badituzte, euskotarrek ezin onetsi dituzte.
Gizonaren jaidurak eta griñak gordetzeko, gudua aldi tzarra da; gizalegearen arratsak lazatzeko eta urratzeko gudualdia baño bide errazagorik bai ahal da?